Euri zaparradapean eman zioten ongietorria atzo [irailak 15] iluntzean, Lekeition, Andoni Gabiola
Toñua preso politiko ohiari. Ama bisitatzea izan zen Badajoztik Lekeitiorainoko bidaia luzearen ondoren egin zuen lehena, eta 20:15ean ailegatu zen Eskolapera senideekin lagunduta.
Andoni Gabiola ‘Toñua’ Eskolapera ailegatzen.
Herritarrak, lagunak… denak zituen zain. Eskolapearen inguruko bazter guztietako aterpeetan egon ziren euritik babestu nahian, baina Toñua ailegatu zenean bide erdira aterata egin zioten harrera. Sabino Arana hiribidetik jaitsi zen Eskolaperantz eta lagun eta
herritarren berotasuna eta lore sortak jaso zituen.
Eskolapean elkartutako guztiak agurtu zituen Galarrena tabernarako bidean, eta bertan eskegita zegoen argazkia jaitsi zuen Andoni Gabiolak berak, txalo artean.
Andoni Gabiola ‘Toñua’ bere argazkia kentzen Lekeitioko Galarrena tabernan.
36 urteren ostean Toñua etxean egotea ospatu bazuten ere, gogoan izan zituzten, oraindik espetxean jarraitzen duten Julen Atxurra
Pototo eta Arantza Zulueta lekeitiarrak. Atzean utzi duen espetxeko kolektiboa ere buruan zuela aitatu zuen Andoni Gabiolak.
Atzoko ongietorriaren ondoren, harrera egingo diote
gaur, 20:00etan,
udaletxean.