Antiguako Ama traineruko arraunlariek inoizkorik emaitza onenak lortu dituzte aurtengo denboraldian. Kontxarako txartela eskuratu ez bazuten ere, igoera fasean San Migel Ligan lehiatzeko txartela eskuratu dute, Ares talde galiziarragaz batera. Bi ontziek zapatuko [irailak 17] lehen jardunaldian egindako lan onari jarraipena eman zioten igande goizean [irailak 18]; Donostiarra eta Portugalete atzean utzi eta ligako igoera faseko bigarren jardunaldian nagusitasunez irabazi dute ondarrutarrek eta galiziarrek.
Portugaleten lehiatutako estropadan Antiguako ama izan da lehen postua eskuratu duena, eta galiziarrak bigarrenak. Bi taldeak mailaz igoko dira, eta hala, TKE ligan ariko dira. Portugaletek, ostera, maila galduko du eta KAE1ean arituko da hurrengo denboraldian, Donostiarragaz batera.
Ondarroa igotzeko faboritoen artean zegoen, eta aurreikuspenak bete egin dira. Igoera lortu ostean, Gorka Elordi Ondarroa Arraun Elkarteko presidentea pozik agertu da, eta urte borobila izan dela nabarmendu du. “Aurten erakutsi dugun maila ez sinesteko modukoa izan da”.
Ondarroako arraunlariak atzo Portugaleten igoera lortu ostean
TKE ligan estreinako ariko da datorren urtean talde ondarrutarra. “Ondarroa arraunaren gorengo mailara bueltatzea lortu dugu azkenean. 90. hamarkadan hor sekulako urteak eduki genituen. Garai hartan, gainera, TKE liga sortu zen, baina gure taldean belaunaldi aldaketa bat egon zen, eta beheragoko mailan geratu ginen, eta aurreko urteetan protagonista izatetik, bigarren mailako protagonista izatera pasatu ginen, bat-batean”.
Elordik azpimarratu duenez, gazteekin eta herriko harrobiaz gogor ibili dira beharrean, eta momentu txarrak eduki badituzte ere, hobetzen joan dira. “Orain 7 urte KAE1en maila galdu eta KAE2ra ere jaitsi ginen, baina urtetik urtera emaitzak hobetzen joan gara”.
Denboraldi berria prestatzen hasiko dira laister ondarrutarrak, eta datorren denboraldiari dagokionez, erronkarik nagusiena mailari eustea izango dela dio presidenteak. “Oraindik ez da helburuak ipintzeko momentua. Ikusiko dugu zer talde osatzea lortzen den, eta aurkariak ere zer mailatan dauden”.
Arraun taldeko kideak Aurrerakoekin batera, Zaldupen
Ospakizuna, herritarrekin. Beste behin ere, Ondarroako arraunlariek lorpena herritarrekin batera ospatu nahi izan dute eta gaur [irailak 18] 20:00etan Zaldupe futbol zelaitik hasita kalejira egin dute. Bost turrunekin hasi da kalejira, eta herri osoa zeharkatu eta gero, Musika Plazan amaitu dute ospakizuna. Kalejira horretan baina, arraunlariak ez dira bakarrik egon; ehunka herritarrek parte hartu dute ospakizunean. “Ru-ru-ru Ondarru” oihukatuz, festa giroa izan da nagusi gaur iluntzean Ondarroan.
Kalejira amaitu orduko, udalak harrera egin dio arraun taldeari, eta osteko ospakizunetan emozio handiko momentuak bizi izan dira jendez betetako Musika Plazan. “Polita izan da herriaren harrera. Igo edo ez igo herritarrekin ospatzeko asmoa genuen, herriari eskertzeko orain arte eman diguten babesa”.
Ospakizunen artean, gainera, nesken taldea osatzeko nahia agertu du taldeak. “Nesken trainerua osatzea egiteke daukagun gauzetako bat da, eta argi dugu bide horretatik joan behar dugula”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.