Itsas ertzetik Ebroraino helduko dela independentziaren olatua esan zuen atzo Maddalen Iriartek, EH Bilduk Lekeition antolatutako ekitaldian. Berarekin batera Unai Urruzuno eta Leire Pinedo Gipuzkoako eta Bizkaiko zerrendakideak parte hartu zuten Eskolapean, 300 lagunetik gora bildu zituen mitinean.
Maddalen Iriarte hitz egiten Lekeitioko Eskolapean. Argazkia: Lekeitioko EH Bildu
Unai Urruzunok hartu zuen berba lehenengo, EAJk azken zortzi urteetan jarraitu duen bidea gogora ekarriz. “EAJk hartutako bideak
kalteak eragin ditu, atzerapausoa izan da eta horren aurreko alternatiba dugu EH Bildu”.
Ildo beretik jarraituz, EAJk ezarri dituen murrizketek izandako eragina azpimarratu zuen Leire Pinedok.”Kontrakoa sinestarazi nahi diguten arren, murrizketak egon dira eta familia asko ez direla hile amaierara heltzen”.
EAJk
dena ondo dagoela sinestarazi nahi duela azaldu zuen Pinedok. “Baina ez da horrela”. Eta gainera, gizarte honetan emakumea dela prekarietate gehien pairatzen duena nabarmendu zuen. Horren aurrean, eskubide sozialen garapen duinak eraiki eta eskaintzea dela EH Bilduren lehen ardura azaldu zuen.
Gatazkaren konponbidean, bakearen inguruko
lau ardatz nagusitan oinarritutako ekintza plana sustatu behar dela azaldu zuen Maddalen Iriartek ondoren. Memoria historikoa landu beharra, eragindako min guztiak aitortuak eta erreparatuak izan beharra, eta etorkizuna aniztasunetik eraiki beharra aitatu zituen besteak beste. Bakerako eta preso zein iheslarien itzulerarako legeria arrunt bat sustatu beharra ere nabarmendu zuen.
Xabat Galletebeitia bertsolariaren bertso birekin amaitu zen Andoni Seijo Lekeitioko EH Bilduko zinegotziak aurkeztutako ekitaldia.