EAJ bozkatzea "herri gisa eta gizarte gisa aurrera egitea" dela azpimarratu du Urkulluk Eibarren
EAJ eredua, bestalde, urratsez urrats aurrera egitea izan dela esan zuen. “Herri honen eta gizarte honen eraldaketa lideratu dugu. Pausuz pausu, presaka ibili barik. Gelditu gabe, urrats sendo, egingarri eta bideragarriekin”. EAJ-PNVk Hezkuntza eta Osasunaren hobekuntzarekin hartu duen konpromisoa ere azpimarratu zuen Urkulluk, egindako eritetxe eta osasun zentro guztiak aitatuz.Harro sentitu dela aitatu zuen azken lau urteotan euskal gizartea ordezkatzea tokatu zaionean. “Harro nago euskal gizarteak, familiek, enpresek eta emakume eta gizon langileek aurrera egiten hastea lortu dutelako. Lana, lana eta lan gehiago. Orain arteko bidetik jarraitu behar dugu, bide onetik goaz. Euskadik une esanguratsua bizi du orain. Jokoan dauka orain arteko bidetik jarraitzea. Horregatik eskatzen dut Gobernu sendo eta irekia osatzeko aukera. Etorkizunean konfiantza izatea eskatzen dut” baieztatu zuen.
Erabakitzeko eskubidea
Bere aldetik, Legebiltzarreko EAJ-PNVren bozeramaileak ezker abertzaleak bere buruari ematen dion “rol ikuskatzailea” salatu zuen. “Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea askoz ere serioagoa dela Arnaldo Otegi eta EHBilduko jendea egiten ari diren proposamenak baino; ezin da joko motzerako erabili”.
Ezker abertzaleak erabakitzeko eskubidearen inguruan proposamenak egiteko duen helburu bakarra EAJren erantzuna eta ekintza ebaluatzea dela kritikatu zuen Joseba Egibarrek. Jarrera “onartezin” horren aurrean, balioan jarri du estatus berrirako EAJk duen proposamena.
Puntu horretan, “printzipio demokratikoaz” jardun zuen, “hori baita aldebakartasuna ekiditeko bermea”. Bi aldeak –Euskadi eta Estatua- konprometitzen dituela azaldu ondoren, “printzipio demokratikoak aldebikotasunara eramaten zaituela” azaldu zuen. “Izan ere, hori baita berdinen arteko akordioa eta, izatekotan, baldintza batekin: euskal herritarrek libre eta demokratikoki erabakitzen dutena aintzat hartu eta ordenamendu juridikoan jaso behar da, aurretiaz negoziatuta. Hori da EAJk orain defendatzen duena, eta 2004an Ibarretxe Lehendakari zela defendatu zuena”, esan zuen.“Erabakitzeko eskubideaz dihardugu: ez, soilik, bere etorkizunaren jabe izan nahi duen komunitate politiko bati eragiten dion erabakitzeko eskubidea, baizik eta erabakitzeko eskubide edukiduna; alegia, euskal erakundeek politika publiko guztien eskumena izan dezatela, herritarrengan eragina duten arlo guztietan: jaiotza-politiketatik pentsioetara, azpiegituretatik justiziara, beste euskal lurraldeekiko harremanetatik nazioarteko harremanetara”, azaldu zuen.