Iparralde eta Hegoaldeko 21 baserrietatik etorritako 70 bigak hartuko dute parte, Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusian lehen bider lehiatuko den Blond/Akitania arrazako Euskal Herriko III. biga Txapelketan. Lehen lehiaketa biak Iparraldeko Heleta herrian antolatu dituzte, baina aurtengoa, Hegoaldera ekarri nahi izan dute, zapatuan [urriak 8] Markina-Xemeinen ospatuko den Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusira, hain zuzen.
Txapelketa 10:00etan hasiko da Markina-Xemeingo udaletxe osteko aparkalekuan, eta animaliak adinaren arabera zazpi ataletan banatuta lehiatuko dute. Ondoren, sari bereziak ere banatuko dituzte: txapelketako biga txapelduna, zerra onena eta herrialdeko txapelduna besteak beste. Azken sari berezi hori Lapurdi, Nafarroa Beherea, Bizkaia eta Gipuzkoako taldeen artean lehiatuko dute.
Iaz izkoetan saria eraman zuen Blond/Akitania arrazako idia sokan lotuta.
Blond/Akitania arrazako abereez gain, Lea-Artibaiko ganadu ekoizleen animaliak ere egongo dira ikusgai azokan. Aurten, Lea-Artibaiko 33 abeltzainek hartuko dute parte eta 230 ganadu buru inguru jarriko dituzte erakusgai udaletxe osteko aparkalekuan.
Bestalde, Euskal Herriko arrazetako abereek osatuko dute abeltzaintzako erakusketa atala. Karmengo komentuaren atzeko berdegunean jarriko dituzte.
(Iazko azokaren inguruan HITZAk ekoizleekin egindako bideo erreportajea)Postuak. Abereez gain, nekazaritza, artisautza eta baserri tresnen aukera zabala aurkituko dute zapatuan, Markina-Xemeinera hurreratzen diren azoka zaleek. Lea-Artibai eskualdeko baserriko produktuak erosi eta ekoizleekin aurrez aurre produktuen berri momentuan jakiteko aukera izango dute gainera.
58 postu egongo dira guztira 34. Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusian, eta horietatik 33 izango dira zuzenean euren produktuak salduko dituzten ekoizleak: bost gaztagile (ardi, ahuntz eta behi gaztak), zazpi ortuari eta fruta ekoizle, arrain kontserben ekoizle bat, garagardo ekoizle bat, gilda ekoizle bat, lau okin, lau gozogile, ahate produktuen ekoizle bi, ezti ekoizle bi, baserriko hanburgesen ekoizle bat, baserriko okela, txerrikien ekoizle bi, sagardogile bi, hiru txakolin ekoizle, marmelada eta barazkien kontserba ekoizle bi eta lorategien mintegi bi.
Jendea gozoak erosten postu batean, joan den urteko azokan.
Horrez gain, artisau, baserri tresna saltzaile eta elkarte batzuek ere edukiko dute postua azokan. Horrela, artisauen hamazazpi postu egongo dira –euskal pilotak, zeramika lanak, larrua, egurra, bitxiak, harria, artilea…–, baserri tresnen sei saltzaile eta bi elkarte: Izarbidean eta Zabaltzen-Sartu elkartea.
Dastaketa eta lehiaketa. Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteak eta Lea-Artibai eskualdeko 11 udalerriek antolatzen duten azoka 10:00etatik 17:00ak arte egongo da zabalik, eta zer ikusi eta erosi aukera zabala eskaintzeagaz gainera girorik ere ez du falta izango. Berritasun modura, esate baterako, Idiazabal gazta, Bizkaiko Txakolina, Bizkaiko sagardoa eta Baserriko ogiaren dastaketa eta lehiaketa egongo da 12:30etik aurrera, eta bozgorailuetatik epaimahaiaren azalpenak zein produktuak kontsumitzeko gomendioak emango dituztela aurreratu dute antolatzaileek.
Beste alde batetik, motozerrarekin egur eskulturak egingo dituen aditu bat ere egongo da, bai eta lehiaketa bat ere.
Urtero modura, bertsolari eta trikitilarien doinuek alaituko dute azoka guneko giroa. Bertsolariek 12:00ak aldera kantatuko dute udaletxeko balkoitik.
Iazko argazki galeria
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.