Datorren domekan [urriak 16], Bizkaia Kopa Trail kirol ligako
seigarren etapa lehiatuko da Lekeition.
Lekeitio Trail probak kirol ezberdinak egiteko aukera eskainiko ditu: ibilbide ezberdinetako mendi martxak, mendi lasterketak, mendi bizikleta martxa eta txakur krosa.
Alde batetik, 20 eta 10 kilometrotako
mendi martxak egongo dira. Kasu horretan, ez dira lehiaketak izango. Bestetik, 20 kilometroko
mendi bizikleta martxa, 10 eta 20 kilometroko
trailak eta 10 kilometroko
txakur krosa lehiatuko dira. Horietan bai, norgehiagoka izango da nagusi.

Arno Trail Sprint Race mendi lasterketako parte hartzaileak. Argazkilaria: Kalbaixoko Kofradia
Hiru ibilbide. Martxa luzeak egiteko ibilbide bat egongo da eta laburrentzako beste bat. Horrela, Trail eta Martxa luzeko parte hartzaileek
18 kilometroko ibilbidea egi beharko dute Lekeitio eta inguruetan zehar. Ugaran, Lariz, Gizaburuaga, Okamika eta Kurtziaga auzoa igaroko dituzte ibilian, Lekeitiora ailegatzeko.
9 kilometro eta 700 metro inguruko ibilbide laburra egingo dute trail eta martxa laburretako parte hartzaileek eta txakur krosekoek. Ibilbide luzearen bide beretik joango dira baina, buelta laburragoa egingo dute.
Mendi bizikleta martxan parte hartzen dutenek, ostera,
21 kilometro eta 400 metro inguruko bidea osatu beharko dute. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, aldapan gora ibiliko dira eta punturik altuenak 267,74 metro edukiko ditu.
Ibilbidean hornidura guneak aurkituko dituzte parte hartzaileek.
Izen ematea. Mendi martxetako parte hartzaileek, luzekoek zein laburrekoek, 09:00etan irtengo dute Lekeitioko Independentzia plazatik. Txakur krosaren irteera 09:30ean izango da, Trail luzearena 09:45ean, Trail laburrekoak 10:00etan ekingo diote martxari eta mendi bizikleta martxako partaideek 10:30ean irtengo dute.
600 bat partehartzaile egotea aurreikusten dute antolatzaileek. Parte hartu ahal izateko, izena sarean eman ahalko da,
Bizkaia Kopa Trail-aren webgunean, egueneko [urriak 13] 23:59ak arte. Dortsalak egonez gero etaparen egunean bertan ere eman ahal izango da izena, 8:00tik aurrera.