Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko presoa aske geratuko da zapatuan
Lariz Frantziako Uzercheko espetxean dago preso, eta senideek HITZAri jakin eragin diotenez, zapatuan [urriak 22] geratuko da aske. Andoni Larizek berak deitu duela azaldu dute senideek, eta bihar goizean Uzerchetik irten, eta 15:00ak aldera, Perpinyako mugan utziko dutela esan diete.”Non utziko duten jakitea asko da guretzat”, azpimarratu dute senideek. Izan ere, azken momentura arte ez dute jakin ez ze ordutan ez non utziko zuten.
Larizek jaso duen azken bisita aitarena izan da. Eta harek esandakoaren arabera, Lariz ondo dago. Senideek, gainera, presoa Ziortza-Bolibarrera noiz ailegatuko litzatekeen ere ezin dutela zehaztu esan dute. “Guri gustatuko litzaiguke zapatuan [urriak 22] bertan herrira ailegatzea, baina ezin dugu zehaztu”.
Sei urte herritik kanpo. 2010etik herritik kanpo dago Lariz, eta ETAko kide izatea egotzita, 2013ko urtarrilearen 11n atxilotu zuten Frantziako Borgoinan; bertatik, Parisera eraman zuten. Larizegaz batera atxilotu zuten baita ere Urtzi Etxeberria. “Helburu terroristak dituen gaizkile taldeko kide” izatea, armak eroatea eta nortasun agiri faltsuak erabiltzea egotzi zien epaileak.
Hasiera baten Frantziako Essone departamenduko Fleury espetxean egon zen Lariz, eta egun gutxira, Bois D´Arcy espetxera lekualdatu zuten. Aurten, baina, maiatzaren 10ean espetxez aldatu zuten eta Uzerchera eraman zuten.
Uzercheko espetxea Euskal Herritik gertuago badago ere, espetxe aldaketa egin zenean senideek azaldu zuten hara autoz joan behar zutela. “Lehen, Bois D’Arcyra garraio publikoan joan ahal ginen. Orain, bai edo bai autoz joan behar gara (6 ordu inguruko bidaia)”. Dena dela, Uzercheko espetxeak “baldintza hobeak” zituela esan zuten.