Kantuzaleek hitzordu berezia izango dute zapatuan [urriak 22] Markina-Xemeinen. Hirugarren urtez jarraian Hego Haixe kantu bazkaria ospatuko da Lea-Artibai Ikastetxeko jantokian Angel Mariezkurrena, Aitor Ibarra ‘Jalisco’ eta Francisco Santxotena musikariekin. Egitarauan ez da aldaketarik egongo, baina badaude berritasun ugari.
Urtero modura,
13:00etan jarrita dago elkartzeko ordua Kontzekupean, eta kantu liburuen banaketa eginda, triki-kantu-poteoa egingo dute kantariek herrian zehar, giroan sartzeko. Kalerik kale ibilita, 14:30ean abiatuko dira Lea-Artibai Ikastetxeko jantokira kantu bazkariagaz hasteko.
II. Hego Haixe kantu bazkaria, Markina-Xemeinen
Dantzari bik egingo diete harrera kantuzaleei aurreskua dantzatuta. Horiez gain, musika talde ezberdinak edukiko dituzte kantuan lagundu eta otordua eta bazkalostea alaitzeko.
Trikitixa, txalaparta eta folka. Hego Haixen joko du, aurten ere, Mirari Azkune trikitilari etxebarritarrak, baina oraingoan, Aintzane Agirrebeña panderojoleagaz lagunduta egongo da. Trikitilari biek hamahiru abestiz osatutako
Bidea hauspotzen diskoa kaleratu berri dute, eta lan berriko abestiak ezagutu eta abesteko aukera egongo da.
Errepikatu egingo dute txalapartariek ere. Hasieran eta amaieran eskainiko dituzte emanaldiak. Lehenengoz datoz, ostera,
Ermuko Galiziar Zentruko musikariak. Sei laguneko taldeak folk estiloko doinuak joko dituela aurreratu dute antolatzaileek, eta ustekabeko bat ere prestatu omen dute.
Kanturako eta dantzarako girorik ez dute faltako, beraz, aurtengo kantu bazkarian izena eman duten 130 kantuzaleek.