Ametsek amets izateari uzten diote errealitate bihurtzen direnean. Eta horixe bera da hain justu, Helmugak-EuSport proiektu solidarioaren helburua: oinarriak ondo finkatuta, ametsa errealitate bilakatzea. Eta jauzi hori zortzi pertsonek gauzatuko dute:
Ander Txakartegi berriatuarrak,
Xabat Arrate markina-xemeindarrak,
Txomin Arana motor gidari ereñotarrak,
Koikili Lertxundi futbolari ohiak,
Zigor Iturrieta Euskal Telebistako
Txoriene saioaren aurkezleak,
Iban Amias txirrindulari ispastertarra,
Lur Uribarren Urdaibaiko patroi ohi elantxobetarra eta
Beñat Ormaetxea Amorebieta-Etxanoko sukaldari ospetsua.
2015. urtea zen Txakartegik eta Arratek beste hiru kidegaz batera
Basamortura Eskuzabal proiektu solidarioa gauzatu zutenean. Eta proiektua burutu aurretik eta ondoren ere, Txakartegik argi-argi zeukan egitasmo hura ez zela izango azkena. Esan eta egin. Buru belarri jarri eta Helmugak proiektua sortu zuen, abentura batetik haratago zihoan proiektua. «Mundua ikusteko eta abentura bizitzeko grinak eraman gaitu proiektu hau gauzatzera».
Ezkerretik eskumara, Koikili Lertxundi, Zigor Iturrieta, Txomin Arana eta Ander Txakartegi
Titan Desert egin eta proiektu solidarioa egin zuten modura, egitasmo berri honek ere abentura eta solidaritatea ditu oinarri. «Asmoa da 2017tik 2018ra mendiko bizikleta hartu eta mundu mailako hiru proba handi egitea: Kuba, Kanada eta Mongolia. Eta probak egiteaz batera, leku horietara beste zer edo zer eramatea», azaldu du Txakartegik. Eta hor sartzen dira
proiektuaren ardatz nagusiak. Izan ere, egitasmoak
euskara, kirola, natura eta pertsonak ditu helburu; probak egiten diren leku horietan, beraz, lau adar horiek jorratuko lituzkete.
Helburu bateratuak. Gazte berriatuarra buruan daukana errealitate bihurtzen abila bada, bidelagunak egiten ere beste horrenbeste da. Eta bere inguruan Helmugak egitasmoa azaltzean, Koikili Lertxundi futbolari ohiagaz eta haren EuSport proiektuagaz topo egin zuen. «Bi proiektuek ardatz berak zeuzkaten, eta bidea batera egitea pentsatu genuen. Eta, noski, bide horretan Arrate ere ondoan eduki nahi nuen, eta bera ere prest agertu da», dio Txakartegik.
Mundu mailako hiru proba handi egiteaz batera, bisitatzen dituzten lekuetan ekarpen solidarioak egingo dituzte kirolariek
Batera eta bestera joan eta proiektua hauspotzen zihoazen bitartean, egitasmoaren berria Iturrietaren eta Aranaren belarrietara ailegatu zen. Horiek ere abenturazaleak izanda, ez zitzaien asko falta izan proiektura gehitzeko eta beste hiruren asmoekin bat egiteko. Horrela, bostak batuta, aurrera bota dute.
Proiektuaren ardatz nagusiak nola jorratuko dituzten ere garbi daukate. «Kirolariak gara, eta hori gustatzen zaigu. Goazen lekura joanda ere, natura errespetatuz jokatzen dugu, eta euskara leku horietara eramango dugu. Azken finean, mundu mailako proba horiek egingo ditugun bostok euskaldunak gara; euskara beti soinean daramagu, eta, ondorioz, leku horietan ere euskara presente egongo da», gaineratu du Lertxundik.
Koikili Lertxundi: “Euskal Herriko gobernuz kanpoko erakunde bategaz jarriko gara harremanetan, eta harek esango digu zeintzuk diren tokian tokiko beharrizanak”
Euskara zabaltzen. Euskararen eta Euskal Herriaren presentzia hori, gainera, bertokoak diren markekin bermatu nahi dutela diote. «Saiatuko gara daramagun marka guztiak Euskal Herrikoak izatea, eta horiei ere zabalkundea ematea. Hori da gure asmoa, eta espero dugu dena ondo ateratzea», aurreratu du Lertxundik.
Pertsonei dagokienez, 2015 urtean basamortuan egindakotik joko dute. «Pertsonak gara gu ere, eta bisitatzen ditugun lekuetan bizi direnei lagunduko diegu. Alegia, beharrezkoa duten zer edo zer eramango diegu. Horretarako, baina, bertoko gobernuz kanpoko erakunde bategaz jarriko gara harremanetan; erakunde horrek esango digu zeintzuk diren tokian tokiko beharrizanak».
Helmugak proiektuaren bultzatzaileak (Xabat Arrate falta da)
Ekarpen horiekin, beraz, probak egiten diren eremuko bizilagunei lagunduko diete, eta bide horretatik, proiektuaren alde solidarioa burutuko dute.
Probak, hirunaka. 2017ko udan izango da lehenengo proba:
Mongolia Bike Challenge. Abenduan etorriko da bigarrena,
Cuba Titan Tropic.
Canada BC izango da egingo duten azkena, 2018ko uztailean. Eta hiru probetan hiruko taldean parte hartuko dute. “Arratek eta Txakartegik hirurak egingo dituzte, proiektua jaio zenetik daude honetan sartuta eta; eurak dira egitasmoaren bihotza. Beste hirurok proba bana egingo dugu: Mongoliara Iturrieta joango da, Kanadara Arana eta ni –Lertxundi– Kubara”.
Dena ondo-ondo pentsatuta daukate bost abenturazaleek, eta
datozen hilabeteetan zehaztasun gehiago emango dituztela aurreratu dute.
Oraingoz, argi daukatena da egin egingo dutela. Taldean batuta, elkarrekiko konplizitatea ageri-agerian antzematen zaie. Pauso txikiak ematen hasi eta jauziak handiak ematen amaitzen dituzten horietakoak dira. Barruan daramatena burutu nahian, ametsak errealitate bihurtzen dituztenak.
HONEKIN LOTUTA: