39. Euskal Zine Bilerak ikusentzunezko munduan emakumeek duten garrantzia azpimarratu nahi izan du aurten, eta horregatik, Euskal Zinearen Begirada, Kontxu Odriozolari egingo diote.
Olatz Beobide, aktorea eta urte askotan Kontxuren lankidea izandakoak, zuzenduko du gaur [urriak 21] Ikusgarri zinema aretoan egingo den ekitaldia.
Urte berri on, amona filma proiektatuko dute, eta horren ostean, solasaldian jarduteko aukera egongo da
Telmo Esnal filmaren zuzendariagaz.
Kontxu Odriozola. Argazkia: EiTB
Kontxu Odriozola, Euskal Herriko etxe guztietan izan da ezaguna eta izaten jarraitzen du, Goenkalen egindako Maria Luisaren paperagatik, baina bai eta antzerki eta zine munduan egin dituen lanengatik ere.
Omenaldiak, Kontxuren familiaz gain, bere lankideak eta lagunak batuko ditu. Horrela, ikusentzunezko munduko aurpegi ezagun asko ikusteko aukera egongo da Lekeition, 19.30etatik aurrera. Sarrerak bi euro balio ditu.
39. Euskal Zine Bilerako hasiera ekitaldia. Argazkia: Euskal Zine Bilera
Berbaldia. Beste alde batetik, H)emen-(H)ere euskal ikusentzunezkoetako emakumeen ikusgarritasuna bultzatzeko plataformak antolatuta mahai-ingurua egongo da bihar [urriak 22] 11:00etan, Barandiaran aretoan. Euskal Zine Bileraren barruan urtero egiten den Berbaldiak
Emakumezkoa ikusentzuneskoetan: Hezkuntzatik lan mundura gaia aukeratu du aurten. Bertan parte hartuko dute, Izaskun Arandia plataformako presidenteak, Kristina Zorita presidente-ordeak, Izebene Oñederrak, Amara Mosteirok, Eneko Sagardoyk eta Naia Lakak.
Bihar, 19:30ean, emango diote amaiera 39. Euskal Zine Bilerari. Urtero modura,
itxiera ekitaldi berezia egingo dute Ikusgarri zinema aretoan, Itziar Itunñok gidatuta, eta sariak banatuko dituzte. 32 filmek parte hartu dute aurten euskara hutsez egiten den zine jaialdi bakarrean: 11 lan profesional eta 21 lan amateur egon dira, eta azken horien arteko bostek Gazte 22 sailean parte hartuko dute. Lan bi lekeitiarrak egindakoak dira.