Ate irekien jardunaldia ospatuko dute Plazakolako Gorabideren egoitzan
Gorabide adimen ezintasuna duten pertsonen aldeko Bizkaiko elkarteak ate irekien eguna ospatuko du barikuan [urriak 28], Berriatuko Plazakolako egoitzan. “Gure nahia da egun hori senide, lagun, administrazioko ordezkari eta entitate desberdinetako langileekin partekatzea”. Egun osoko egitaraua prestatu dute.
11:30ean hasi eta 14:00ak arte, photocoll-a, bideo erakusketa, egindako lanen eta argazkien erakusketak, dantza saioa eta luntxa egongo dira. 17:00etatik 19:00etara, ostera, goizeko ekintzak errepikatu eta Boccia lehiaketa eta txokolatada egingo dituzte.
Ospakizunera herritar guztiak gonbidatu dituzte Gorabideko ordezkariek. “Gorabideko erabiltzaile, familia eta langileentzat oso garrantzitsua da gizartearen parte direla sentitzea”. Helburua “egun eder bat” pasatzea dela esan dute.