Atzerritarren eta bertokoen arteko ezagutza sustatu eta haien arteko bizikidetza baldintzatzen duten aurreiritziak gainditzeko elkargune berezi bat osatzea helburu duen Bizilagunak ekimena jarriko dute abian lehen bider Lekeition.
Azaroaren 13an, bazkalorduan, bi familia, bata bertokoa eta bestea atzerritarra, bazkaltzeko elkartzea da helburua, bietako baten etxean.
Bazkari bakoitzean, familiez gain dinamizatzaile batek parte hartuko du, antolaketan laguntzeko. “Ekimenak harreman berriak egiten lagundu dezake, lagunak egiten bertakoen eta bizitoki berri bat topatu duten atzerritarren artean”, azaldu dute antolatzaileek.
Bazkarirako janaria sukaldatzen.
Elkarbizitza. Ekimena ez da soilik Lekeition gauzatuko. Egun berean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herri eta hirietako etxe ugaritan, egingo da. Atzerritarren eta bertokoen partehartzea sustatu nahi dute, berdintasunean. “Egunerokotik modu apalean abiatuta, Bizilagunak
gizarte eraldaketarako tresna izan nahi du, gure herri eta hiriak elkarbizitzarako gune izan daitezen”, diote.
Bazkari hauen antolaketa jende askorentzat zubiak eraiki eta baikorki aktibatzeko modua dela ere nabarmendu dute. “Badakigu bertoko eta atzerritar jende ugari gustura hurbilduko ginatekela, baina ez dugu aurkitzen aukera edo leku egokirik horretarako”.
Izen ematea. Ekimenean parte hartu nahi duten Lekeitioko familiek azaroaren 8ra arte edukiko dute epea izena emateko. Izena Lekeitioko
udalaren bulego orokorretan eman daiteke, edo bestela
agurtzane-ongintza@lekeitio.eus helbide elektronikora idatzita.