Azaroaren 24an EHU-ko errektorea hautatzeko egingo diren hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du Nekane Balluerka EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko egungo errektoreordeak. 14 pertsonak, 7 emakumek eta 7 gizonezkok, osatzen dute unibertsitatea zuzentzen lagunduko dion taldea, eta horien artean Markina-Xemeingo bizilagun bi eta lekeitiar bat daude:
Patxi Juaristi Larrinaga eta
Agustin Erkizia Olaizola, eta
Jon Zarate Sesma. Juaristi eta Erkizia Bizkaiko eta Gipuzkoako Kanpuseko errektoreorde kargurako hautagaiak dira, hurrenez hurren. Zarate, bestalde, Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde kargurako hautagaia da.
Nekane Balluerka ordiziarra da EHUren errektoretzarako hautagaitza aurkeztu duen bakarra, oraingoz. Hala ere, azaroaren 7an emango dituzte jakitera errektoretzara aurkezten diren behin betiko hautagai guztiak. Hauteskundeak azaroaren 24an egingo dituzte.
Nekane Balluerka eta bere taldea aurkezpen ekitaldian. Argazkia: Nekane Balluerkaren Blogekoa da.
HAUTAGAI BAKOITZAREN CURRICULUMA:
Patxi Juaristi Larrinaga (Markina-Xemein, 1967) unibertsitateko irakasle titularra da Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Politika eta Administrazio Zientzia Sailean. Soziologian lizentziaduna (1990) eta doktorea (1995) da, eta EHUko irakaslea, 1993az geroztik. 1998an irakasle bisitaria izan zen Idahoko Unibertsitatean (AEB). 2005etik 2009ra bitarte, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate arloko zuzendaria izan zen. 2011tik 2012ra, Gobernantza eta Politika Ikasketak Masterreko koordinatzailea izan zen, eta, 2015. urteaz geroztik, EHUko Hizkuntza Politikak eta Plangintza Masterreko idazkari akademikoa da. 1999az geroztik EHUko Gizakiekin egindako Ikerketarako Etika Batzordeko (GIEB) kidea da. Halaber, EHUko Master eta Doktorego Eskolako Kalitate Batzordeko kidea da (2016).
Artikulu ugari eta 13 liburu argitaratu ditu euskal kultura, euskaldunen balio, euskara eta, oro har, hizkuntzei buruz. Gerra Zibilarekin eta memoria historikoarekin lotutako gaien gainean ere ikertu eta argitaratu du. Enpresa edo/eta administrazioekin gauzatutako I+Gko 33 kontratutan eta deialdi publikoetan finantzatutako I+Gko 18 proiektutan parte hartu du, eta horietako batzuen zuzendaria izan da. Ikerketako 2 seiurteko ditu, eta 4 doktorego tesiren zuzendari edo zuzendarikide izan da. Euskaltzaindiako euskaltzain urgazlea da (2012).
Agustin Erkizia Olaizola. (Aizarnazabal, 1963) Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna (UPV/EHU, 1987) eta doktorea (UPV/EHU, 2012) da. Gaur egun, Finantza Ekonomia eta Kontabilitatea arloko irakasle titularra da Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Donostia). Ebaluazio bikaina jaso du Docentiaz programan. Liburu baten egilea eta, hiru libururen eta 20tik gora artikulu zientifikoren egilekidea da. 6 ikerketa proiektutan eta enpresa edo/eta administrazioekin gauzatutako I+Gko 7 kontratutan parte hartu du, eta doktorego tesi baten zuzendarikide izan da. Herri Erakundeen Kudeaketa (HEREKU) izeneko graduondokoa zuzendu du (2002-2008). Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako zuzendariordea izan da (1997-2012). EHUn euskaraz irakasteko gaitasun proben batzordeko kide izan da (2002-2008). Practicum Sarea (REPPE): Practicumaren eta Kanpoko Praktiken Garapenerako Elkarteko presidentea da, eta elkarte horren Revista Practicum aldizkariko koeditorea. Tokiko Administraziorako Kostuen Kudeaketako Adituen Taldeko (GECAL) kidea da. Revista de Docencia Universitaria (REDU) aldizkariko orraztailea da. 2013az geroztik, EHUko Gipuzkoako Campuseko Kanpo Harremanetarako zuzendaria da.
Jon Zarate Sesma. (Lekeitio, 1979) Farmazian doktorea da (2007) eta Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko irakasle agregatua (2011). Arabako Campuseko Farmazia Fakultatean ematen ditu eskolak. Docentiaz programan ebaluazio positiboa dauka. Ikerketa seiurteko bat dauka. Nazioarteko aitortza izan duen euskarazko doktorego tesi baten zuzendaria izan da. 20 ikerketa artikuluren eta hiru liburu kapituluren egilekidea da, eta EHUko NanoBioCel ikerketa taldeko kide gisa 20 ikerketa proiektutan hartu du parte.
2009tik aurrera batez ere terapia genikorako bektore ez-biralen ikerketa lerroan egiten du lan. 2011tik 2014ra Ekainetik EHUko Zientzia eta Teknologiako euskarazko aldizkariko zuzendari izan zen. Euskarazko zientzia dibulgazioko hamar artikuluren egilea da. Era berean, irakaskuntzaren berrikuntzarako zenbait proiektutan hartu du parte, batean ikertzaile nagusia izan da eta 4 artikuluren irakaskuntzaren berrikuntzarako aldizkarietan hartu du parte. Giza Fisiologiaren irakaskuntzarako euskaraz idatzitako ikasliburu baten egilea da (Agote Saria 2010). 2014ko irailetik EHUko Euskararen arloko errektoreordea da.