Hamairugarren Katu Baltz eguna ospatuko dute
zapatuan [azaroak 5], Lekeition
, eta herritar guztiei begirako egun osoko jaia dakar oraingoan ere. Horrela, ume, gazte eta nagusiek, mozorroak jantzi eta
Euskal Mitologiaren protagonista diren pertsonaien inguruan antolatutako egunagaz gozatzeko aukera izango dute.
Urtero modura, Eskolapeko Limoneroetan izango du jaiak lehen hitzordua. 11:30ean bolanderak bota eta pregoia irakurriko dute, eta aurten, estreinako, umeentzako aurpegi margotze tailerra egongo da, giroan sartzeko.
Maria Talako Eskulan Tailerrekoak Erakusleiho Onenaren saria eman zioten Ziarretari.
Eguerdi partean egingo da kalejira
erakusleiho onena saritzeko. Lekitto Musika Banda eta Garraitz Kirol Taldeak lagunduta egingo dute dendarainoko ibilbidea herritarrek, eta aurten ere, Maria Talako Eskulan Tailerrekoen eskutik jasoko du saria irabazleak.
Itxaropena Txistulari taldeak, trikitilariek eta Dunbots joaldunek alaituko dituzte kaleak goizean.
Ikuskizunak. Ipuin kontalaria Barandiaran aretoan barik Ikusgarri Zineman egongo da aurten
; Katu Beltzaren Bluesa kontatuko dute, aurten, Garrapatea Elkartekoek. Ekitaldia amaitutakoan, zinematik plazara arteko kalejira egingo da Aittitta Makurra Txarangarekin, jaiagaz plazan jarraitzeko.
Txokolate goxoa edukiko dute zain herritarrek, Kontzijopean, kalejira amaieran, eta sabelak beteta, Etorkizuna Dantza Taldearen ikuskizuna txalotzeko prest egongo dira.
Ume eta nagusiak mozorrotuta. Argazkia: Katu Baltz Elkartea
Argi eta su ikuskizunik ez da faltako jaiagaz amaitzen joateko. Lekittoko Deabruak
Drums of Hell ikuskizuna eskeiniko dute K-Tum-K batukada taldearekin batera. “Su ikuskizunerako arropa egokiak eramatea gomendatzen dugu, istripuak saihesteko”, esan dute Katu Baltz Elkartekoek.
Eguneko martxagaz jarraitzeko, tabernaz taberna ibiliko dira Bilboko Tinbaleroak, eta Lekittoko Neska Gaztiak antolatuta
Akelarrea egongo da Eskolapean.