Bizkaiko Eskola Arteko Kiniela Txapelketa jokatzen ari dira Markina-Xemein, Berriatua, Gernika-Lumo eta Durangoko puntistak. Urriaren 23an hasi zen alebin eta txikien mailako zesta-punta txapelketa Markina-Xemeinen, eta azaroaren 1ean Berriatuko frontoian jokatu zuten bigarren kanporaketa. Asteburu honetan, berriz, Gernika-Lumon jarraituko du norgehiagokak
domekan [azaroak 6];
10:00etan hasiko dira kinielak.
Zesta-punta jokalari
denak denekin jokatuko dute txandaka, multzo bitan banatuta, eta multzo bakoitzean puntu gehien ateratzen duten aurrelariak eta atzelariak euren arteko partida bat jokatuko dute kategoria bakoitzeko txapelduna zein den erabakitzeko.
Umeen zesta-punta erakustaldia. Argazkia: Xistera
Bizkaiko Txapeldunak gero, Gipuzkoako txapeldunen kontra ariko direla azaldu du Santi Olabe Markina-Xemeingo frontoiko arduradunak.
Momentura arteko puntuazioa. Maila bietako puntistak puntuak lortzen hasiak daude. Txikien A mailan esate baterako, 25 puntu ditu Berriatuko Ametsek eta 24 puntu Markina-Xemeingo Atainek; 15 puntugaz berdinduta doaz Arakis markina-xemeindarra, Ekaitz gernikarra eta Alejo durangarra. Txikien B mailan, bestalde, Arratibel gernikarrak (30 puntu) eta Izaro markina-xemeindarrak (28 puntu) dituzte puntu gehien.
Alebin mailari dagokionez, Liher (30 puntu) eta Kobeaga (28 puntu) gernikarrak doaz A taldeko sailkapenaren buruan. B taldean, ostera, Arrasate markina-xemeindarrak ditu puntu gehien, 30 hain zuzen.