Gaztegunearen ordezko toki bat bilatzeko batzarra egingo dute Lekeition
Gaztegunea konpontzeko obrak direla eta, Gaztegune eta Kidegune barik daude momentu honetan Lekeitioko gazte eta gaztetxoak. Egoera horreri irtenbide bat emateko asmoz, batzarra deitu du bihar arratsalderako [azaroak 8], sortu berri den Guraso Aisialdi Taldeak.
Batzarra 19:00etan izango da kultur etxeko Azkue aretoan, eta bertan, dauden beste aukera batzuk jakinarazi eta aztertuko dituztela azaldu dute.
«Udal arduradunekin batu ginen eta proposamen ezberdinak atera ziren», esan dute. Horiek partekatu nahi dituzte orain, herritarrekin, «Gaztegunea zabaldu bitartean beste lekuren bat aukeratzeko». Izan ere, 100 bat ume baino gehiagok erabiltzen zuten gazteentzako gunea, eta momentu honetan leku barik gelditu direla nabarmendu dute.