Aerocar proiektua gidatuko du Leartiker zentro teknologikoak
Aeronautika eta automozio sektoreen arteko transferetzia teknologikoan oinarritutako Aerocar izeneko proiektua gidatuko du Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak. Bere garapenean beste eskualde eta herrialde batzuetako erakundeekin lankidetzan arituko da: Galiziako CTAG fundazioagaz, Frantziako Rescoll zentro teknologikoagaz eta Portugalko Inegi zientzia institutuagaz.
Aerocar proiektuaren helburua aeronautika eta automozioaren sektoreen artean etengabeko sinergiak sortzea dela azaldu dute. «Modu honetan, teknologia berrien, materialen edo prozesuen sorkuntzari esker, eta baita sektore batetik bestera egingo diren elementu hauen transferentzien bidez, produktibitatean hobekuntzak emango dira».
Era berean, ezagutza eta baliabide gehiago garatuko direla ikusten dute, eta hori material berrien erabileran eta bi sektoreen lan prozesuen automatizazioan islatuko dela.