Done Jakue Bideko erromesek Markina-Xemeingo aterpetxean utzitako borondatea Gizarte Zerbitzuetara bideratuko dela jakitera eman du Markina-Xemeingo Udalak. «Beharrizan edota premia handiena dutenei laguntzeko helburuagaz», azaldu dute.
Apirilaren 1ean zabaldu ditu ateak, aurten, Karmeldarren komentuan egoten den Done Jakue Bideko erromesentzako aterpetxeak, eta
urriaren 16ra arte egon da zabalik. Bizkairako Done Jakue Bidearen Borondatezko Zaintzaileen Elkarteak emandako datuen arabera, denbora tarte horretan,
6.572 erromes igaro dira bertatik, eta horietako batzuk, borondatea eman dute aterpetxean egotegatik.
Karmeldarren komentuko erromesen aterpetxea.
Aterpetxeko arduradunek, diru hori
premia dutenei ematea erabaki dute, eta Gizarte Zerbitzuei eskaini diete dauzkaten beharrizanetarako erabiltzeko.
Azaroaren 17an bilduko dira Markina-Xemeingo aterpetxeko arduradunak eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak borondate hori guztiori azken horien esku uzteko.
Gorantzako joera. Bizkairako Done Jakue Bidearen Borondatezko Zaintzaileen Elkarteak aurreratu dituen datuen arabera, Markina-Xemeingo aterpetxean ostatu hartzen duten erromesen kopuruak gorantz egin du urtez urte.
2014an, esate baterako, 3.956 erromes egon ziren guztira (1.174 emakume eta 2.182 gizonezko); 2015 urtean 5.290 erromesek egin zuten geldialdia Karmeldarren komentuko aterpetxean (2.363 emakumek eta 2.927 gizonezkok), eta aurten 6.572 erromes pasatu dira bertatik (2.964 emakume eta 3.608 gizonezko).