Jabi Goitia
Kabi-ren heriotzaren urtemuga ekitaldia antolatzea egotzita, epaiketa eduki du lekeitiarrak gaur goizean [azaroak 14], Madrilen dagoen Espainiako Auzitegi Nazionalean.
10:30ak aldera hasi da epaiketa lekeitiarraren deklarazioagaz, eta 12:00ak jota amaitu da. Meabek berretsi duenez, “ez zen aipaturiko ekitaldian egon eta ez zuen inork identifikatu”.
Ertzainek eta perituek ere eman dituzte azalpenak Meaberen deklarazioaren ondoren, eta defentsak aurkeztu dituen bi testiguen txanda heldu da azkenean. Epaiketagaz amaitzeko, fiskalak eta defentsak, euren alegazioak aurkeztu dituzte.

Joan den zapatuan Lekeitioko Eskolapean egin zuten elkarretaratzea.
«Defentsaren argudioak
gailendu zaizkio fiskalari, hala ere horrek ez du ebazpena argi uzten», adierazi du Meabek konfiantza gehiegirik barik. Horrelako epaiketetan emaitza jakiterik ez dagoela dio. «Badakigu zelan jokatzen duen Espainiako Auzitegi Nazionalak horrelako kasuetan» adierazi du.
18 hilabeteko espetxe zigorra, isuna eta administrazio publikoan lan egiteko 10 urtetako gaitasungabetzearen eskaria mantendu du, gaur ere, fiskalak. Defentsak, ostera, absoluzioa eskatu du.
Elkartasuna. Tetxu Meabe Derteanoren aurkako auzia, jazarpen politikotzat jo dute alderdi politiko eta erakunde batzuek, Lekeitioko EH Bilduk eta Sortuk besteak beste. Horiez gain, asko izan dira bai eta lekeitiarrari elkartasuna adierazi nahi izan dioten herritarrak ere. Horrela, 200 lagun inguru elkartu ziren joan den zapatuan Lekeitioko Eskolapean egin zuten
elkarretaratzean «oroimena ez dela delitua» aldarrikatu eta Meaberi babesa erakusteko.

Meaberi gaur goizean Madrilera (Espainia) lagundu dioten herritar batzuk.
Gaur bertan ere, autobus bete jendek lagundu dio Meaberi epaitegiraino. Auzi gela txikia izanik, denek ez dute sartzeko aukerarik eduki. Hogei lagunek besterik ez dute sartzeko aukera izan.