Sei bertsolarik kantatuko dute zapatuan [azaroak 19], 17:30etik aurrera, Uni frontoian, euren artean
Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarrak. Ibarzabalegaz batera, Eneko Abasolo Txabarri
Abarkas, Jone Uria Albizuri, Joseba Barandiaran Andueza, Oihana Bartra Arenas eta Txaber Altube Sarrionaindia igoko dira kantxan prestatuko duten oholtza gainera.
Amaia Ugalde Begoñak jarriko dizkie gaiak sei bertsolariei; epaimahai lanetan, ostera, beste sei lagun ariko dira, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu, Miriam Juaristi Urizar, eta eskualdeko epaile bi: Ander Txakartegi Basterretxea berriatuarra eta Mirari Azula Aurrekoetxea lekeitiarra.

Nerea Ibarzabal bertsolari markina-xemeindarra Zaldibarko kanporaketan kantuan. Argazkia: Bertsozale elkartea
Idazkari lanak, bestalde, Itxaro Juaristi Olaetxeak eta Itziar Basterretxea Olarreaga ondarrutarrak egingo dituzte.
Puntuaketa. Markina-Xemeingo irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera; besteek, puntuazioen arabera edukiko dute horretarako aukera.
Jone Uriak eta Oihana Bartrak, 2014ko finalistak izanik, finalaurreko honetan hasiko dute txapelketa. Eneko Abasolok, berriz, kanporaketa fasean hasi zuen, eta beste hirurak, Joseba Barandiaran, Nerea Ibarzabal eta Txaber Altube, lehenengo fasetik datoz eta proba guztiak gainditu dituzte finalaurrekoan egoteko.
Hurrengo lanak egin beharko dituzte bertsolariek finalaurrekoan:
- Hamarreko nagusian ofiziotan hiruna bertso
- Zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso
- Hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertso
- Kartzelako lana: puntua emanda bertso bi zortziko txikian eta bakarkako lana: gai bati buruz hiru bertso, doinu eta neurri librean.
Jaia. Finalaurrekoa jai handia bihurtuko da zapatuan. Izan ere, udagoieneko faseko lehenengo finalaurrekoaren harira,
Inprobiseixon Fest deitu duten jaia antolatu dute Markina-Xemeingo hiru taldek: Bertso eskolak, Gazte Asanbladak eta Gure Esku Dagok. Horrela, bertsoei, kontzertua eta txosna ere gehituko zaie.
Markina-Xemeingo Gure Esku Dago taldeak Plaza Barripean jarriko duen txosnan edaria, kafea, bizkotxoa, ogitartekoak eta pintxoak eskainiko dituztela aurreratu dute. Txosna zabalik egongo da finalaurrekoa orduko, 16:30etik 17:30era, bai eta saioa amaitzen denetik, 20:30 edo 21:00 ingurutik, 23:00ak arte.
Ordu horretatik aurrera Akerbeltz gaztetxera lekualdatuko da jaia.
2zioren kontzertua eta
Urrats taldearen erromeria egongo dira.