Lea-artibaiko EH Bilduk epaituak izango diren TMA-ko behargin ohien kontrako eskaera bertan behera uzteko eskatu du
Lea-Artibaiko EH Bilduk elkartasuna eta babesa adierazi die azaroaren 29an epaituko dituzten Etxebarrian zegoen Talleres Mecanicos Arakistain enpresako langile ohi biei. Horrez gain, Markina-Xemeingo eta Etxebarriko udalek, aho batez onartutako mozioekin bat egiten dutela jakitera eman dute, eta langileen kontrako eskaera bertan behera uztea eskatzen diote Fiskaltzari. “Langileak egindako ekimen guztiak legez adierazita egon zirelako beti eta Barne Sailak neurriak ezarri nahi izan zituenean, Ertzaintzagaz adostu ziren ekimenak izan zirelako”.
Akusazio partikularrari ere salaketa kendu eta langileei zor diena ordaintzea ere eskatzen diote.
Besteak beste Fiskaltzak 2 urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eskatzen die langile ohi biei, eta akusazio partikularrak, aldiz, 5 urte eta 6 hileko kartzela zigorraz gain, kalteordainak. “TMAko langileak erresistentzia gune bat eraiki zuten beraien eskubideak defendatu eta beraien nominak, enplegua eta enpresaren ondasunak ez desagertzeko ahaleginak egin zuten. Horregatik izango dira orain epaituak”, esan dute EH Bildukoek.
Hori dela eta, azaroaren 27an, Barriro be eingo geunke. Alexis eta David libre lelopean Markina-Xemeinen egingo den manifestazioagaz bat egiten dutela esan dute, eta bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
“Soilik antolatzen den herriak lortuko ditu bere erronkak, antolatu lan eremuan aberastasuna bermatzeko, antolatu kalean eredu jasangarri baten alde borrokotzeko”, adierazi dute.