Lea-Artibain eta Busturialdean injustiziaren kontra erantzuteko gogoa dagoela azpimarratu du LAB sindikatuak, eskualde bietako enpresetan TMAko langile ohi bien auziak izandako erantzuna ikusi ondoren.
Berriro be eingo geunke. Alexis eta David libre dinamikaren aurkezpenean TMAko langile ohiek jendearen, eragile sozialen eta sindikalen elkartasun eta atxikimendu eskariari erantzunez, LAB sindikatuak hiru konpromiso hartu zituen: enpresetan gaia lantzea, ordezkarien atxikimenduak jasotzea eta azaroaren 27an egingo den manifestazioaren deialdia egitea. Horrela, TMAn zer gertatu zen, Alexis Rodriguez eta David Gonzalezegaz zer gertatzen ari den eta eskaerak zeintzuk diren azaldu dute enpresetan, eta dinamikari elkartasuna adierazteko atxikimenduak jaso dituzte.
«TMAko gatazkan LABeko ELAko eta Comisiones Obreraseko afiliatuak egon ziren. Comisionesek eskualde honetan ordezkaritza askorik ez duenez, idatzi bat prestatu genuen, eta parte hartzea eskatu genion ELAri, baina ezezkoa eman zuen. Hala ere, egia da bere delegatu askok sinatu dutela mozioa», azaldu dute LABeko ordezkariek.
Babes handia. Ordezkaritza duen enpresa guztietan sartu du LABek mozioa, eta oso balorazio positiboa egin dute. «Beharginek ez dute ulertzen zer gertatu den, ez dute ulertzen langile batzuk kalean gelditzea eta eurekin zorrak edukitzea, eta enpresariak, oraindik, salaketa jartzeko aurpegia edukitzea, eta, gainera, fiskalak hori babestea akusazioa mantenduz». Horrek guztiak, langileen kontrako errepresioan, enpresariak jaun eta jabe sentitzeagaz gain, botere publikoek babestu egiten dituztela argi erakusten duela esan du LABek.
Aitziber Barandika eta Mari Karmen Aransolo, LAB sindikatuko kideak.
Nemaken izan ezik, Lea-Artibaiko enpresa handietako komiteetan mozioaren aldeko atxikimendua denek «aho batez» sinatu dutela jakitera eman dute. «Lea Artibai Amankomunazgoan, Ondarroako Udalean eta Erabilen delegatu guztiek sinatu dute, bai ELAkoek zein LABekoek». Jarrera hori eskertzekoa dela esan dute. «Langileek, sigletatik haratago langile izaera mantendu dugu, eta hori oso garrantzitsua da».
Busturialdean, berriz, Ebakin eta Wartsilan aho batez hartu dute babesa emateko erabakia, Laminados Losal, Salica eta Bermeoko Udalean gehiengoak eman dio baiezkoa, eta Gernika-Lumoko udalean LABeko ordezkariak sinatu du.
Ordezkaritza duten enpresa txikietan ere erantzun ona eduki dute. «Langile batzuen kontrako eraso bat ikusi dute, eta babesa ematea erabaki dute. Garrantzitsua da horrelako harresi batzuk eraikitzea. Langileak izan behar garela harresi horrek eraiki behar dugunak, eta kasu honetan, Lea-Artibain eta Busturialdean harresi hori eraikitzen hasi gara».