Barikuan [azaroak 25] hasiko da jai usaina Berriatuan. Izan ere, egun horretan, 19:30ean, Goikolau kultur elkarteak
Goikolau Sariak banatzeko ekitaldia egingo du, Berriatuko Plazan. Aurten, kultur elkarteak proba munduan ibili izan diren berriatuarrak saritu nahi izan ditu.
Sariak banatzeko ekintza horretan, giza proba egingo dute herriko ume eta nagusiek. Eta ostean elkarteko kideek oroigarri batzuk banatuko dizkiete argazkiak biltzen-eta lagundu duten herritarrei. Ostean, proba munduan aritu izan diren herritarren omenezko
irudia bistaratuko dute. “Irudi hori Berriatuko Plazan ipiniko da”, azaldu dute Goikolauko kideek.
Proiekzioa. Ikus-entzunezko bat ere proiektatuko dute. Izan ere, Goikolauko kideak proba munduan ibilitakoen lekukotasunak biltzen ibili diren bitartean hainbat elkarrizketa egin dituzte. “Trailer moduko ikus-entzunezkoa izango da; 5-10 minutuko proiekzioa izango da”.
Erroak Loran jaia, zapatuan [azaroak 26]. Zapatuan, ostera, berriatuarrek berriatuarrentzat egindako jaia ospatzeko eguna izango da. Goizean hasiko dira herritarrak janaria prestatzen (indarrak). 13:00etan herriko plazan batu eta idi proben eta zaldi proben erakustaldia ikusteko aukera egongo da. “Idi bakarrarekin eta zaldi bakarrarekin egingo da proba”. Horrez gain, Berriatuko harririk handiena (3.000 kilo ingurukoa) mugitzeko saiakera egingo dute sokatiran ibilitako herritarrek.
14:00etan
dantza saioa egongo da, eta
elizako abesbatzak ere abestuko du. Horiek eginda, 14:30-15:00ak aldera bazkaltzen bilduko dira herritarrak, Mendibarren frontoian. Iaz, esaterako, ia 300 herritar bildu ziren bazkaltzen (200 nagusi eta 70 ume). Eta aurten ere beste horrenbeste biltzea espero dute Goikolauko kideek.

Erroak Loran jaia, 2014an, Berriatuan.
Arratsaldean
Herria kantari ekintza egingo dute. “Herriko musika eskolako kideek lagunduta, herriko talde eta kuadrillak kantatzera ateratzea nahi dugu”. Edonola ere, zapatuan herritar guztiak jai giroan murgiltzea nahi dute Goikolau kultur elkarteko kideek.