Datorren martitzenean [azaroak 29] epaituko dituzte David Gonzalez eta Alexis Rodriguez TMA-ko langile ohiak. Enpresako behargin ohi biek izugarrizko babesa jaso dute. Domekan [azaroak 27] manifestazioa egingo da Markina-Xemeinen, 13:00etan.
Epaiketaren atarian zaudete. Nola sentitzen zarete?
Alexis Rodriguez: Epaiketarako gutxiago gelditzen denez, gero eta urduriago jartzen hasita gaude. Baina ezinegon sentimendu hau arintzen laguntzen digu, zorionez, Lea-Artibai eskualdean deskubritu dugun elkartasunak. Enpresa komite, herritar, behargin eta sindikatu ezberdinek eman digute atxikimendua. Horrez gain, Espainiar estatuko sindikatuetatik ere babesa jaso dugu. Beste batzuren artean, atxikimendua eman digute Murtziako eta Valentziako sindikatuek, Aragoiko ISTA-k, Kataluiniako CSC-k, Aragoiko CUT-ek, Kataluiniako IAC-ek, Espainiar estatuko sindikatuen konfederazioak, Galiziako CUT-ek eta FEBICON-ek (Portugaleko eraikuntza, zeramika eta beira sindikatuen federakuntzak). Argi daukagu bai eta ere, gure lankide ohiak gurekin egoteak asko laguntzen gaituela, eta batez ere eta aipamen berezia merezi dute gure bikoteek. Aurretik lan gatazkan egin zuten modura, guzti hau eramaten laguntzeko zama eurek daramate orain ere.
Elkartasun hori guztia lortzeko kanpaina indartsu bat eraman duzue aurrera.
A.R: Kartzela eskaerak heldu zitzaizkigunean, behargin ohi guztiak batu eta plangintza bat adostu genuen honen berri eman eta batez ere egoera horri aurre egiteko. Gure ustez, salaketa horiek, gure eskubideen alde, ordaindu ez ziguten soldatak lortzeko eta gure lanpostuen defentsan egin genuen borroka salatzen zuten. Eta legeari jarraituz eta estatuak agintzen duena beteta eraman genuen aurrera. Sinadura bilaketa bat egitea baino argazkiak ateratzea hobe zela erabaki genuen, indar gehiago duelako. Eta horrelako kasu baten aurrean argazkia ateratzea ezinbestekoa zela ikusten genuen. Markina-Xemeingo eta Etxebarriko Udaletara jotzea ere erabaki genuen, enpresa Etxebarrian zegoelako eta lan gatazka, batez ere, Markina-Xemeinen kaleratu genuelako. Egoki ikusi genuen bai eta ere, Mañaria barneratzea, enpresaria bertan bizi delako. Gizon hau bizi den udalak jakitea nahi genuen zelako bizilaguna duen bertan. Argazki eta mozioez gain, hitzaldiak ere antolatu ditugu, Lea-Artibaiko bizilagunei jakitera emateko zer gertatu den eta edonori gertatu ahal zaion gai bat dela erakusteko.
Alexis Rodriguez: “ELAren babesa falta izan zaigu. Gainera, gure enpresan hiru afiliatu zituen, eta delegatuei atxikimendua ez sinatzeko agindua emateak min handia eman zigun”
Zergatik aukeratu zenuten Barriro be eingo geunke leloa?
David Gonzalez: Ziur gaudelako ez genuela ezer txarrik egin, ez gara ezeren errudun, eta ez genuen deliturik egin. Argi daukagu gauza bera gertatuko balitz, berriro ere gauza bera egingo genukeela, baina oraingoan aurretik izan genituen akatsik barik. Agian, denbora luze batean gauza gehiegi onartu genituen.
A.R. Ekintza sindikala lehenengotik eramango genuke aurrera. Urte bete galdu genuen. Bi ERE aplikatu zizkiguten, aurpegi guztiagaz, enpresak kostuak gutxitzeko beharginen kontura, eta aurpegia atera behar genuen orduan. Geure erara egin genuen, baina horreraino ez ailegatzen uztea gomendatuko nieke beste behargin batzuei. Lehenengo momentutik erantzutea. Zenbat eta gehiago utzi, gauzak okertu besterik ez direlako egiten.
David Gonzalez (ezkerrean) eta Alexis Rodriguez, auzipetuta dauden TMA-ko langile ohiak.
Kanpaina guztian bat izan zarete TMAko behargin ohi guztiok.
Lan gatazkan egin genuenaren ispilua da. Zortzi hilabetetako greba bat ez da erraza. Egoera gogorra eta korapilatsua izaten da, eta kudeatzeko gaitza. Greban talde batu bat izan ginen justua begitantzen zitzaigunaren aurrean, eta injustizia baten aurrean batuago egon gara oraindik. Kartzela zigorra eskatzen zaigu behargin biri 40 lagunek aurrera eramandako mobilizazioetan parte hartzearren. Errepresio argi baten aurrean gaude. Ez dago ezer hobeagoa kolektibo bat beldurtzeko, euretako biri errepaso eder bat ematea baino.
Askoren babesa izan duzue. Bateren batena falta?
A.R: Min egiten dit esatea, baina ELAren babesa falta izan zaigu. Sindikatu abertzale bat eta herri honetakoa izanik, eta, gainera, gure enpresan hiru afiliatu zituena, delegatuei atxikimendua ez sinatzeko agindua emateak min handia eman zigun. Baina, zorionez, delegatu sindikal askok ez dute agindutakoa bete, babes atxikimenduak sinatzea lehentasunezkoa iruditu zaielako. Gogorra begitandu zaigu, batez ere sindikatu horretara afiliatuta egon diren gure lankideagatik; harrituta geratu dira.
Zuen aurkako salaketa zertan oinarritzen da?
D.G. Pintaketak egin dizkiotela, arraultzak jaurti eta etxe barrura eskuorriak bota dizkiotela diote.
A.R. Behargin guztiok argi daukagu ez genuela ezer egin salaketarik merezi duenik. Egunero mobilizatu ginela diote, eta hori delitutzat hartzen dute. «Jarraipeneko bortxa» deritzo. Nahi dutena da lana eta soldata kenduta geldirik geratzea.
“Euren etxean eta euren legeekin defendatu araziko gaituzte (epaiketan), eta ez daukagu zereginik”
Manifestazioa egingo da domekan Markina-Xemeinen. Zergaitik da garrantzitsua parte hartzea?
D.G. Guztiok gara beharginak, eta guztiori gertatu ahal zaigu gauza bera. Borrokatu egin behar dugu. Gure eskubideen alde borrokatzen ez badugu ez gara inora ailegatuko.
A.R. Epaitegietara goaz orain, eta epaitegietan legeak beraienak dira. Markatuta dauden kartekin jokatzea bezalakoa da. Euren etxean eta euren legeekin defendatu araziko gaituzte, eta ez daukagu zereginik. Erantzuteko daukagun aukera bakarra kalea da, eta bertan lortu dezakegu soilik garaipena. Jendea animatzen dugu parte hartzera, horrelakorik berriro gertatu ez dadin, eta batez ere uste dugulako hau ez dela tanta bat. Tantaka erortze amaigabe bat izango da erreka bat bihurtu arte, eta, beraz, moztu egin behar da lehenengotik.