Mutrikuko Jauja eskubaloi taldeak 30 urte betetzen ditu aurten. Eta hori ospatzeko, taldearen historia errepasatzen duen erakusketa, goi mailako partidu bat eta herri bazkaria antolatu dituzte.
Erakusketa, hain zuzen ere,
gaur [azaroak 25] inauguratuko dute, 19:30ean, Zabiel kultur etxean.
Jaujaren 30 urteko historia izenburua dauka erakusketak, eta horretan taldea sortu zenetik gaur egunera arteko materiala bildu dute. «Hasierako aktak, argazkiak, kiroldegi berria egiteko udalari egindako eskaerak eta abar daude ikusgai», azaldu dute Jaujako kideek.
1995ean Mutrikun kiroldegi berria egin zuten arte Debara joan behar zireneko garaiak ere gogora ekarri nahi izan dituzte kideek. «1989an Mutriku eta Debako udalak adostasunera ailegatu ziren eta Debako kiroldegian hasi ginen entrenatzen».
Gaurko ekitaldian, taldearen historiaren inguruko xehetasunak emango dituzte. Eta urte horietan guztietan lagundu dietenei ere esker ona adieraziko diete.

Jaujaren lehenengo emakumeen taldea. Argazkia: Jauja.
Partida, abenduaren 3an. Gaurkoa egin eta gero, erakusketa datorren asteko barikura arte [abenduak 2] egongo da ikusgai. Eta abenduaren 3an, Super Amara Bera Bera eta Prosetecnisa Zuazo taldeen arteko goi mailako partida ikusi ahalko da, doan, kiroldegian. Partida jokatu eta gero, 80 lagunek bazkaria egingo dute, Arku Gain elkartean.
Jaujako kideek, gainera, urteurreneko kamiseta eta jertsea ere salgai daukate. «Horiek eskuratzeko nahikoa da taldeko kide bati eskatzea».