Bere urtebetetzea datorrela eta, Arantza Zuluetari elkartasuna adierazi eta isolamendutik ateratzea eskatzeko
ekimenak antolatu dituzte Lekeition, abokatuaren lagunek. Udaletxeko eskaileratan jarri dute lehen hitzordua, domekan [abenduak 4], 13:00etan, zorion argazkia ateratzeko.
Txokolatada ere egingo dute Elkartasun dendan abenduaren 6an. “Kandelak amatatu eta bolanderak ere jaurtiko ditugu”, aurreratu dute. Baina, ekitaldi gehienak abenduaren 10ean burutuko dituzte. Horrela, 12:00etatik 14:00etara txandakako
enkartelada egingo dute Eskolapean. Horrez gain, Zuluetarentzako postalak idatzi, serigrafia egin eta sinadurak ere bilduko dituzte.
Arantza Zuluetaren isolamendua salatzeko elkarretaratze bat, Lekeition.
Arratsaldean, berriz, 18:00etatik 20.00etara enkartelada egongo da Eskolapean, eta 20:00etatik aurrera,
txikiteo aldarrikatzailea. “
Isolamendurik ez! Arantza askatu! leloa daramaten petoak eramango ditugu jantzita”, zehaztu dute.
3 urte isolatua. Arantza Zulueta jasaten ari diren egoera, behin eta berriz salatu dute haren lagunek. Jakitera eman dutenez, Zulueta bakartze egoeran dago espetxean daramatzan ia hiru urteetan, eta Cadizko Puerto III espetxean egon da denbora horretan guztian, Madrilgo Estremera kartzelan egon zen hil gutxi batzuk kenduta.
Denbora guzti horretan, eta ezarri dioten erregimenaren ondorioz, ez duela inolako jardueratan parte hartzeko eskubiderik salatzen dute Zuluetaren lagunek. “Ezin du inolako ikastarorik edo bestelako jardunik egin. Goialdea sarez itxia duen patio txiki batera soilik atera daiteke, eta egunean lau orduz atera daiteke patio horretara, gehienetan bakarrik, beste presorik ikusi barik”.
Elkartasun ekimenen bidez, Zuluetari indarra emateaz gain, “jasanezina den” egoera guzti hori gizarteratu nahi dute, guztien artean Zulueta isolamendutik ateratzeko.