Ohiturari eutsiz, Kontzezio Egunak [abenduak 8] bertso jaialdi handia ekarriko du Markina-Xemeingo frontoi nagusira. Dagoeneko bertsozaleentzat hitzordu berezia bihurtu den Kontzezioko Bertso Jaialdiak
izen handiko sei bertsolari batuko ditu, beste urte batez. Sebastaian Lizaso, Etxahun Lekue, Amets Arzallus, Alaia Martin, Onintza Enbeita eta Andoni Egaña igoko dira antolatzaileek Uni frontoiko kantxan jarriko duten oholtza gainera.
Bertsolari gazteak baina punta-puntakoak eta beteranoagoak elkartu nahi izan ditu aurten, jaialdia antolatzen duen Amaiur Kultur Elkarteak, eta guztien onena ateratzen saiatuko da gai-jartzaile lanetan jardungo duen
Josu Goikoetxea gernikarrak.
Amets Arzallus bertsotan, 2015eko jaialdian.
Sei bertsolarien artean Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalisten artean dauden bertsolari bi egongo dira:
Etxahun Lekue larrabetzuarra eta
Onintza Enbeita muxikarra. Daukaten maila handia erakutsi dute biek txapelketan, eta Markina-Xemeingo frontoiak finalerako prestatzen joateko aukera eskainiko die.
Bi finalistekin batera, hiru txapeldun haundik kantatuko dute: 1982ko Txapelketa Nagusian finalista, 1986koan txapeldun, eta 1989 eta 1997koan txapeldun orde izan zen
Sebastian Lizasok, lau edizioten jarraian ( 1993-1997-2001 eta 2005) Euskal Herriko bertsolari txapelduna izan zen
Andoni Egañak, eta 2013ko Txapelketa Nagusiko Txapeldun
Amets Arzallusek. Hiru bertsolari handiak ezagunak dira Kontzezioko jaialdietan, urte askotan, bertsoz bertso, gozarazi dituzte-eta plaza horretako bertsozaleak.
Denetatik gazteena
Alaia Martin bada ere, aspaldi eman zuen oiartzundarrak promesa izatetik profesional mailarako jauzia. Gipuzkoako txapelketaren finalean hirugarren izan zen 2011an, eta 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan jardun zuen. Martinek ere ezagutzen du Kontzezio Jaialdiko publikoa eta beti bezala dena ematen saiatuko da oholtza gainean.
Bertsoez gain, elkartasunak ere edukiko du bere tartea jaialdian. Oraindik ere ixteko arriskuan dagoen herriko Txokoa
Libre eta zabalik! mantentzea aldarrikatuko dute.
Jaialdiko sarrerak 10 eurotan eskuratu ahal izango dira Udal Pilotalekuko leihatilan bertan, jaialdia hasi baino aurretik.
17:30ean hasiko da bertso saioa.