Bazkaria, musika, jokoak eta giroa bat egin zituen, joan den zapatuan [abenduak 3] ospatu zen Akerbeltz gaztetxearen 8. urteurren jaiak. Gaztetxetik kalera zabaldu zuten jaia gazteek, pala txapelketa eta batukadagaz lagundutako poteoagaz.
Bazkaritan batu ziren lehenengo gazteak, Akerbeltzen, eta jan oparo eginda, euskal kantuen bingora jolastu zuten frontoi txikiko pala txapelketa hasi zenera arte.

Gazteak bazkaltzen Akerbeltz gaztetxean.
Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatuta,
pala txapelketa jokatu da frontoi txikian azaroan eta abenduan. Urtero modura, bi mailatan banatuta aritu dira parte hartzaileak jokoan, eta maila bietako finalak erabaki ziren zapatuan.
Lehenengo partida Ion Sololuze eta Goratz Sololuze, eta Jone Antsotegi eta Kepa Gandiaga bikoteen artean erabaki zen. Partida gogorra jokatu zuten bikoteek, eta azkenean, 20 eta 25eko emaitzagaz Jone Antsotegi eta Kepa Gandiaga izan ziren irabazleak.

Pala Txapelketako irabazleak Jone Antsotegi eta Kepa Gandiaga ezkerrean eta Pello Urionabarrenetxea eta Jon Onagoitia eskuinean, Gaztetxemon pertsonaia erdian dutela. Argazkia: Akerbeltz gaztetxea
Bigarren partida gogor bezain luze bat jokatu zuten ondoren, Eritz Aldazabal eta Josu Arrietak, Jon Onagoitia eta Pello Urionabarrenetxearen kontra. Bataren tantuaren ondoren, beste bikotearen tantua igotzen zen markagailura, norgehiagoka estuan. Azkenean, baina, Jon Onagoitiak eta Pello Urionabarrenetxeak aurrea hartu eta garaipenagaz egin ziren.
Lagun asko batu ziren frontoi txikian finalistak txalotzeko, eta nahi beste txokolate eduki zuten sabelak betetzeko, animoak ematen zituzten bitartean.

Auskan taldearen kontzertua. Argazkia: Akerbeltz gaztetxea
Frontoi txikitik bertatik hasi zen
kalejira batukadagaz, eta herrian zehar giroa zabaltzen ibili ondoren, gaztetxean amaitu zuten ibilbidea. Otartekoen ondoren, Auskan taldearen
kontzertua egon zen gauean. Mutriku eta Ondarroako musikariek gaztetxea bete eta giro ona jarri zuten, talde askoren bertsiok jota.