Domekan [abenduak 11] Esku Pilota Enpresen Ligaren (EPEL) Eskuz Binakako Txapelketaren lehen itzuliko bigarren jardunaldiko azken partida jokatuko dute Lekeition, Bengoetxea VI.ak eta Larunbek Urrutikoetxea eta Beroizen kontra. Binakako Txapelketako partidagaz gain, beste bi partidak osatuko dute domekako pilota jaialdia.
17:00etan hasiko dira Santi Brouard pilotalekuko norgehiagokak. Retegi Bik eta Martijak, Elordi eta Irusteren kontra neurtuko dituzte indarrak lehen partidan, txapelketako norgehiagoka jokatuko dute ondoren, eta azkenik, Dario eta Merino eta Ugalde eta Erostarberen arteko lehia ikusteko aukera egongo da.

Markina-Xemeinen Berasaluze II eta Zubietaren eta Bengoetxea VI eta Aretxabaletaren artean jokatu zen txapelketako partida.
Eguazten arratsaldean [abenduak 7] eduki zuten materialaren aukeraketa Bengoetxea VI.ak, Larunbek, Urrutikoetxeak eta Beroizek. Lehen jardunaldiko partidak galduta, ez zuten ez bikote batak ez besteak punturik lortzerik eduki, eta beraz, lehen puntuaren bila aterako dira Santi Brouard kiroldegiko kantxara.
Sarrerak aldez aurretik lortzeko aukera egongo da zapatuan 11:00etatik 14:00etara. Bestela, jaialdiaren egunean bertan, 16:00etatik aurrera, eskuratu ahalko dira pilota jaialdiko
sarrerak pilotalekuko lehiatilan, 25 eurotan.
42. txapelketa. Zortzi bikote dira guztira, Asegarceko lau eta Aspeko beste hainbeste, txapelketa honetan zein baino zein gehiago ariko direnak. Lehen itzulia abenduaren 2an hasi zuten Zestoan, eta urtarrilaren 22an hasiko dute bigarrena. Finalaurrekoak, berriz, martxoaren 12an izango dira eta finala apirilaren 9rako aurreikusi dute.
Hasi berri den txapelketa berritasun bategaz dator: txapelketako
pilotari onenak saria izango du. Zaleen, teknikoen eta kazetarien iritzia izango dute kontuan horretarako. Horrela, partida bakoitzeko lau pilotarien arteko onena aukeratzeko botoa emango dute horiek guztiek, eta astez aste sailkapena osatzen joango da. Halan, Lekeitioko onena ere aukeratu beharko dute domekan.