Atzo [abenduak 7] goizean Alcala Meco (Madril, Espainia) espetxeko funtzionarioek Ibon Iparragirre presoa jipoitu zuten, eta gertaera salatzeko elkarretaratzea egin da gaur [abenduak 8] eguerdian, Ondarroako Itsasaurre plazan. Berandu baino lehen, Ibon Etxea! Eraso gehiagorik ez! lelopean egin da protesta, Sortuk deituta.
Ez da Iparragirrek Alcala Mecoko funtzionarioengandik “abusuak eta erasoak” jasotzen dituen estreinako aldia, eta “egoeragaz kezkaturik daudela, eta nahikoa dela” salatu nahi izan dute dozenaka herritarrek.
Urtza Alkorta Sorturen ordezkariak adierazi duenez, erasoak, “zoritxarrez, egunerokotasunean ematen dira” espetxeetan. “Larritzen doan kontu bat da. Kartzela pertsona txikitzeko dago prestatuta, eta larriki gaixorik dauden presoen kasuan, areagotu egiten da egoera hori. Horren guztiaren aurrean gure salaketa egin nahi dugu, eta, berandu baino lehen, Ibon eta larriki gaixorik dauden beste hamar preso politikoak etxean behar ditugu”.
Ibon Iparragirreren senideek jakitera eman dutenaren arabera, kartzelako funtzionarioek “hainbat aldiz kolpatu zuten presoa“, eta zenbat unetan aurpegian ere eman zizkioten kolpeak. “Buruan ostikadak eman dizkiote, eta gorputz osoan ere kolpeak ditu. Hartu zituen kolpeen ondorioz, sudurretik odoletan ere egon zen. Orain momentuan ez dakigu bera zelan dagoen. Dakigunaren arabera, atzo erizaindegian zegoen”, adierazi du Gotzon Iparragirrek.
Iparragirreren senideek jakitera eman dutenez, espetxean jasan duen zazpigarren edo zortzigarren erasoa da
Preso ondarrutarren anaiak nabarmendu duenez, “inolako arrazoirik gabe” jipoitu zuten funtzionarioek Iparragirre. “Erizaindegira eraman behar zutela esan zioten, baina, egia esan, oraindik ere ez dakigu zergatik eraman behar zuten erizaindegira ere”.
Espetxean jasan duen zazpigarren edo zortzigarren erasoa dela gogorarazi dute, eta eraso horiek guztiak “dinamika arriskutsu” batean sartu direla azpimarratu dute. “Eraso horiekin, azkenean, bera zigortzea eta lur jota uztea nahi dutela iruditzen zaigu”.
Hainbat herritarrek bat egin dute Sortuk deitutako protestagaz
Beste epaiketa bat. Bestalde, Ibon Iparragirreren ama Madrilera joanda dago, maiatzean egindako erresonantzia magnetikoko emaitzak eskuratzeko. “Emaitza badugu paperean, Ibonek berak bidalita, baina informeagaz batera etortzen den DVD-a falta zaigu”.
Orain hilabete ere, kartzelan beste preso komun batzuekin istilua izan zuen Iparragirrek, eta horren harira, epaiketa izango du, urtarrilaren 13an
Iparragirreren senideak informazioa batzen ari dira, hirugarren gradua berriro eskatu ahal izateko. “Egia esan, orain arte batuta dagoen informazioagaz, nahikoa izan beharko luke Ibon berriro etxeratzeko, baina, egia esan, kartzelaren aldetik eta Auzitegi Nazionalaren aldetik, Ibonen kasua bideratzeko ez dago inolako asmorik”.
Orain hilabete ere, kartzelan beste preso komun batzuekin istilua izan zuen Iparragirrek, eta horren harira, epaiketa izango duela jakitera eman dute Iparragirreren senideek.
Hain zuzen ere, urtarrilaren 13an, epaiketa izango du Alcala de Henares-ko (Madril, Espainia) epaitegian. “Ibonek mehatxupean duela argudiatuta, istilua izan zuen beste presoak salatu du Ibon. Ibonek istilua gertatu zen uneko bideo grabazioak eskatu ditu, istilu horretan ez zuela inolako jarrera oldarkorrik eduki frogatzeko, baina bere eskaera ez da bideratu”.
[HONEKIN LOTUTA] Alcala Mecoko funtzionarioek Ibon Iparragirre presoa jipoitu dutela salatu du Etxeratek
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.