Lea-Artibaiko eskaintza turistiko eta gastronomikoa, Oion-eko azokan
Elkarlan horri esker, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo saila eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz, ibilibide turistiko-historiko-natural hori ezagutzera emateko bi ekintza antolatu dituzte: Oion-eko Gabonetako azoka eta abenduaren 17an eta 18an, bisita gidatuak eskualde bakoitzeko baliabide turistikoetara.
Oion-eko Gabonetako azoka. Leartibai Garapen Agentziaren eskutik, eskualdeko eskaintza turistiko eta gastronomikoa Oion-eko azokako bi etxetxotan presente egongo da, eta Lea-Artibaiko Landa Garapen Elkarteak duen PRODUKTON proiektuaren bitartez eskualdeko produktuak ikusi eta saltzeko aukera dago. Gainera, Gabonetako azoka hori girotzeko eskualdeko txalapartariak eta Sustraiak Natura, turismo aktiboan lan egiten duen empresa, ere bertan izango dira.
Oioneko azokaren inaugurazio ekitaldian, Jesus Iriondo, Leartibai Garapen Agentziako presidentea eta Mª Asun Saenz de Samaniego, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideako presidentea opariak elkartrukatzen. Argazkia: Leartibai Garapen Agentzia
Azokaren inaugurazioa ekitaldi sinboliko bategaz hasi zen zapatuan [abenduak 3]. Jesus Iriondo, Leartibai Garapen Agentziako presidenteak eta Mª Asun Sáenz de Samaniego, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideako presidenteak Lea-Artibaiko kontserbak eta Arabako Errioxako ardoa eta olioa elkartukatu zituzten azokari hasiera emanez. Abenduko asteburu guztietan, bai eta gaur ere [abenduak 8, Sortzez Garbiaren jaiegunean] bisitatu ahal izango da azoka.
Ate Irekien asteburua. Abenduaren 17 eta 18 asteburuan eskualde bakoitzeko baliabide turistikoetara bisita gidatuak antolatu dira. Lea-Artibai eskualdean Lekeitioko Santa Katalina Itsasargia eta Munitibarko Bengola energia berriztagarrien interpretazio zentroa bisitatzeaz gain, Markina-Xemein eta Ondarroan zehar bisita gidatuak egingo dira. Euro baten truke, interesatuek Lea-Artibai eskualdeko leku adierazgarriak bisitatzeko aukera izango dute. Erreserbak egiteko aldez aurretik telefonoz deitzea gomendatzen dute antolatzaileek.
Bestalde, Arabako Errioxan, Oion-en, Museo Etnografikoa eta Trujal Almazara (olio ekoizpena) bisitatzeko aukera egongo da; eta Laguardian, San Juan eta Santa Maria de los Reyes elizak, Abacial Dorrea, Urmael Zeltiberiarra eta herrian zehar bisita gidatuak eskainiko dira.