Ibilbide luze baten ostean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa azkenera ailegatuko da
zapatuan [abenduak 17],
17:00etan, Bilboko Bilbao Arenan. Eta
Xabat Galletebeitia Abaroa bertsolari lekeitiarra eta
Nerea Ibarzabal Salegi bertsolari markina-xemeindarra han izango dira. Eurekin batera, ondoko bertsolariak ere igoko dira oholtzara: Beñat Ugartetxea Ostolaza, Etxahun Lekue Etxebarria, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, Jone Uria Albizuri, Miren Amuriza Plaza eta Onintza Enbeita Maguregi.
Alde batetik, 2014an finalista izan ziren bertsolariak dira batzuk: Lekue, Uria, Enbeita eta Galletebeitia. Bai eta aurreko finaletan egondakoak ere: Ugartetxea, Ajuriagojeaskoa eta Amuriza. Ibarzabal, ostera, estreinako egongo da final baten.
Apirilean hasi zen txapelketa, Udabarriko Faseagaz. Horretan 56 bertsolarik parte hartu zuten (bederatzi saio jokatu ziren). Udagoieneko kanporaketan 30 bertsolarik parte hartu zuten; 25 bertsolari Udaberriko Fasetik sailkatu ziren, eta bost inoiz finalista izandakoak ziren.
Finalaurreko saioak hiru izan dira. Eta horretan 18 bertsolarik parte hartu dute: 2014ko bost finalistak eta hamahiru kanporaketetako faseetatik sailkatutakoak.
Finaleko talde teknikoa. Zapatuko finalean, gai jartzaileak ondokoak izango dira: Amaia Ugalde Begoña eta Maite Berriozabal Berrizbeitia. Epaimahaiko kideak, ostera, ondokoak: Ander Txakartegi Basterretxea (Berriatua), Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu, Mirari Azula Aurrekoetxea (Lekeitio) eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari lanak Itxaro Juaristi Olaetxea eta Itziar Basterretxea Olarregak egingo dituzte.
Irabazleari Xabier Amurizak jantziko dio txapela. Amurizari eginkizun hori eman nahi izan dio Bertsolari Elkarteak, omenaldi txiki bat legez
Txapel jartzailea: Amuriza. Txapelketa antolatzen duen taldeak horrela erabaki duelako, aurtengo txapeldunari Xabier Amuriza Sarrionandiak jantziko dio txapela. “Bertso munduko erreferente handia dugu Amuriza. Bertso munduari dagokionez, txapeldun ere izan delako. Eta osterantzean, bestelako jardunetan ere behar asko egin duelako”. Bertsolaritzari iraultza ekarri ziola ere gaineratu dute. “Eta bertsoaren inguruko ikertzailea ere izan da”. Horregatik guztiagatik, antolatzaileek omenaldi txikia egin nahi izan diote, eta bere esku utziko dute irabazleari txapela janzteko ardura.
Finalera begirako oharrak. Bizkaiko Bertsolari Elkarteak finalera
garraio publikoan joateko gomendioa egin nahi izan du. “Horretarako, Bilbora ailegatzeko garraio publikoak eskaintzen dituen ohiko bideak erabili beharko dira. Eta ostean, metroan Alde Zaharreko geltokian jaitsi eta Unamuno irteeratik atera. Handik Miribillara oinez joan beharko da (10 minutuko bidea)”.
Aurten, estreinako, umeen gunea ere egongo dela aurreratu dute. “Finalerdietan ere umeen gunea egon da, eta finalean ere egongo da. Beraz, saioak irauten duen artean umeek gune horretan egoteko aukera edukiko dute, eta hezitzaileak egongo dira eurekin”. Zerbitzu hori doakoa bada ere, aurretiaz izena eman behar da (
bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus). “Izena eman barik joaten direnak ere hartuko dira, baina kopuru batetara arte”.
Sarrerak. Sarrerak Internet bidez erosi ahal dituzte herritarrek (
www.bertsosarrerak.eus), eta egunean bertan, txarteldegia 14:00etan zabalduko dela iragarri dute. Bestalde, Bilbao Arenako
ateak 15:30ean zabalduko dira.