Joan den zapatuan [abenduak 10] Usurbilen hasi zuten itxialdi nazionalari lotuta, Lea-Artibaiko preso eta iheslari ohiek ere, “Kalera kalera” ohiukatuko nahi dute eskualdeko txoko ezberdinetan. Presoen auzia jendarteratzea eta gatazkaren ondorioen inguruko eztabaida mahai gainean jartzea helburu, Kalera Kalera mobilizazio zikloa abiatu zuten Usurbilen zapatuan, eta ekimena Euskal Herri osora zabalduko da, bai eta Lea-Artibaira ere.
Lea-Artibaiko hainbat preso ohi elkartu ziren Lekeitioko udaletxearen aurreko eskaileratan, Kalera Kalera ekimenaren baitan, eskualdean egingo diren
ekimenen berri emateko. «Kandelen sugarra eta hainbat euskal belaunaldi lotzen gaituen kanta, amnistiaren aldeko borrokaren ereserki bihurtu den
kalera, kalera, borrokalari kalera! izango ditugu lagun aldarrikapen dinamika honetan», azaldu zuten.
Sugarra izango dute, beraz, ekinbidearen ikur eta askatasunaren sinbolo. «Amnistiaren nazioarteko ikur den kandelaren sugarra hain zuzen ere».
Lea-Artibaiko preso ohi batzuk ‘Kalera kalera’ ekimena aurkezten.
Espainian, Frantzian bai eta nazioartean ere ikustarazi nahi dute Lea-Artibaiko txoko ezberdinetan hauspotu nahi duten askatasunaren sugar hori. «Presoak askatzea eta iheslariak itzultzea beharrezkoa delako, eta herri honek amesten duen bake eszenatokira heltzeko eurak ere gurekin batera bakearen eta askatasunaren alde borrokatzen jarraitzea beharrezkoa delako».
Elkarlana. Iheslari eta presorik gabeko herria irudikatzeko garaia eta bide horretan urratsak ematekoa heldu dela azpimarratu dute. Hori dela eta, eragile eta erakunde guztiei bide horretan elkarlanean aritzeko deia luzatu diete. «Gure prestutasuna adieraziz, elkarlan horretarako». Horrez gain,
larriki gaixo dauden 11 presoek bizi duten «mutureko» egoera salatu dute, batez ere Ibon Iparragirre Burgoa ondarrutarraren egoera bereziki larria, eta euren «berehalako etxeratzea» eskatu dute. «Berandu baino lehen etxean behar ditugulako».
Hori guztia lortzeko denen
konpromisoa beharrezkoa dela ikusten dute, eta dei egiten diete, beraz, Lea-Artibaiko herritarrei, eta oro har, euskal jendarteari
Kalera, kalera! Bake ta askatasuna irabaztera izeneko dinamikaren baitan antolatuko diren ekitaldi eta mobilizazioetan parte hartzera. «Guk, kartzela eta erbestea ezagutu dugunok, argi utzi nahi dugu gure konpromisoari eusten diogula, ez garela etxean geratuko; kalean, lantokian, erakundeetan… borrokatzen jarraituko dugula».
Egitaraua:
- Lekeitio
- Abenduaren 16an hasita. Barikuro, 20:00etatik aurrera, kandelak piztuta egongo dira tabernetan.
- Abenduaren 21ean. San Tomas enkartelada, 13:00etan.
- Abenduaren 24an. 19:00etan, enkartelada eta ausentzi mahaia.
- Abenduaren 30ean. Enkartelada ostean, kantu poteoa.
- Abenduaren 31n. 19:30ean, presoen aldeko brindisa.
- Markina-Xemein
- Abenduaren 24an. Arkupean, egun osoan, ziega kalean.
- Abenduaren 26an. 20:00etan hasita, Amodioaren ziega, gaztetxean.
- Abenduaren 31n. 19:00etan, manifestazioa, Arkupetik hasita.
- Munitibar
- Abenduaren 23an. 24 orduko itxialdia, udal aretoan, 20:30ean hasita.
- Abenduaren 31n. Brindisa, plazan, 19:00etan.
- Mutriku
- Abenduaren 17an. 13:00etan, enkartelada Goiko Plazan.
- Abenduaren 24an. Olentzerokin kantuan, 19:00etan Zubixatik irtenda.
- Abenduaren 31n. Goizean, Martutenera martxa. 19:00etan, giza katea Goiko Plazan hasita; ondoren, presoen aldeko brindisa.
- Urtarrilaren 14an. Danok Bilbora.
- Ondarroa
- Abenduaren 17an. 19:30ean, Ibon eta larriki gaixorik dauden presoak kalera, kalera ekimena, Itsasaurren.
- Abenduaren 23an. 22:00etan, Kamiñazpiko parketik hasita: Kalera kalera, kandela kalejira!
- Abenduaren 24an. 19:00etan, Zubi Barritik Alamedara kalejira: Olentzerogaz batera, kalera, kalera!