Mutrikuko udaletxeko aretoa herritarrez bete-bete egin zen barikuan [abenduak 16], literalki. Izan ere, asko izan ziren IV. Kirol Gala galdu nahi izan ez zutenak. Hain izan ziren asko ze, batzuk kanpoan geratu behar izan zirela aretoan ez zirelako sartzen. Sarituei dagokienez, ondokoak izan ziren:
- Kirolari onenak: Danok Bateko Ekaitz Mendizabal eta Mikel Manzisidor
- Talde onena: Burumendi mendi elkartea
- Kirol ibilbide onenaren saria: Benito Romero
- Aipamen bereziaren saria: Mutriku Arraun Taldeko Xabi Urresti, Egoitz Elezgarai eta Mikel Goenaga.
Sariketa urtero modura joan bazen ere, Mutriku Arraun Taldeko kideek datorren urterako sorpresa iragarri zuten: 15 urte eta gero,
2017. urtean Mutrikuk bere trainerua edukiko du; KAE2-n lehiatuko da. “Aipatu behar da baita ere, trainerua Hondarribiak utzi duela, eta arraunak Telmo Deunak”.
Ekitaldiari hasiera emateko, Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak hartu zuen hitza. “Urtez urte gero eta gehiago gustatzen zait Kirol Gala. Izan ere, ekitaldi honetatik guztiok ateratzen gara bete-bete eginda. Herritarrei eskerrak emateko ekitaldi bat da; herritarrek ezkutuan egiten duten lana bistaratzekoa. Eta gu gure herriko kirolariekin ez gara ahazten”.
Josebe Astigarraga kirol zinegotziak ere hiruzpalau hitz eskaini zituen. “Alde batetik kirol batzordeko partaideei eskerrak eman nahi nizkieke. Izan ere, ez da lan erraza izan sarituak aukeratzea. Bestalde, aldarrikapen bat ere egin nahiko nuke: orain arte egindako sariketetan emakume batek ere ez du saririk jaso, eta emakume nahizen heinean, gustatuko litzaidake datorren urtean emakumeren batek saria eskuratzea”.
Sariketa ekitaldia. Horiek esanda, Txemi Galarragak sariketari ekin zion. Mendizabal eta Manzisidor izan ziren lehenak saria jasotzen. Eta jarraian sarituen argazki batzuk proiektatu zituzten. Oro har, puntista gazteei saria emanaz, kirol batzordeak etorkizuna saritu nahi izan duela azaldu zuen Galarragak.
Burumendi mendi elkarteko kideek ere pozik jaso zuten saria. Duela 62 urte sortu zen elkartea, eta gorabehera guztien gainetik aurrera jarraitzen duela azpimarratu zuten. “Urtez urte baloreak sakontzen eta zabaltzeagatik saritu da elkartea”. Halaber, saria ematerakoan Xabier Errazti zena gogoan eduki zuten.
Benito Romero izan zen saria jasotzen hurrengoa. Txirrindularitzaren munduan egindako eta egiten jarraitzen duen lan guztiagatik jaso zuen Romerok saria. “Esku pilota ere gustatzen zitzaion, baina ez zuen inor eduki horretan laguntzeko, eta txirrindularitzan sartu zen”. Mutrikuko Atxukale txirrindu taldearen sorreran egon zen, bai eta atzetik etorri ziren urte luzeetan. “Perfekzionista” eta txirrindularitza guztiz maiten duen pertsona bezala aurkeztu zuten. “62 urte beteko ditu laster, eta modu batera edo bestera, txirrindularitzan egoten jarraitzen du; honek ez du jubilazioan pentsatzen”.
Arraunlariei saria ematerakoan, aurretik aipatutako albistea jakitera eman zuten. Urrestik, Elezgaraik eta Goenagak azken denboraldian Ondarroagaz arraunean egin eta eduki dituzten lorpen guztiak aipatzeaz gain, hirurek ilusioz kontatu zuten zelan gauzatu den 2017an traineru propioa edukitzeko ametsa.