Zirkuitu osoan bezala, giroa ez da falta izan gaur [abenduak 17] ere, Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitatean jokatu diren finaletan. Apurka-apurka harmailak betetzen joan dira, eta maila handiko partidez gozatzeko aukera izan dute zesta-punta zaleek.
https://youtu.be/Oo12PsumV8E
Gazte mailako txapelak, Mutrikura joan dira. Partida bikaina jokatu dute Danok Bat pilota eskolako
Goixerri IIak eta
Manzisidorrek. Hasieratik jarri dira aurrean mutrikuarrak eta ia amaierara arte lasai ibili dira markagailuan bederatzi tantoko aldea ere lortu dutelarik. Baina, azken bost tantuak falta zitzaizkienean tantoa berreskuratu eta aurrera egiten hasi dira Donibane Lohizuneko Luzean klubeko Etcheberry eta Laborde, mutrikuarren urduritasuna eraginez. 7 tanto lortu dituzte iparraldekoak azken txanpan, baina, mutrikuarrek nahiko alde handia zeramaten garaipenari ihes egiten uzteko, eta 25 eta 17ko emaitzagaz, merezitako txapelagaz egin dira Goixerri IIa eta Manzisidor.
Gazteen mailako finalistak: Goixerri II.a, Manzisidor, Etcheberry eta Laborde.
Nagusien mailako finala ere estua izan da. Norgehiagokak erritmo bizia eduki du lehen momentutik, Berriatuko eskolako Antxonek erremateak egiteko orduan daukan gaitasuna erakutsi du, eta Antonek maila ona eman duen Ekhiri eusten jakin dio.
Lehen hamar tantuetan pareko ibili dira Narbarte eta Ekhi eta Antxon eta Anton. Baina, gorriek hartu dute agintea lehen momentutik, eta ez dute aske utzi. Azkenera arte ez da ezer erabaki. Laupabost tantuko aldea gora eta behera ibili dira amaierara arte, gorriak aurretik. Azkenean, 25 eta 20 irabazi dute
Jagoba Narbarte gipuzkoarrak eta
Ekhi Martinez arabarrak.
Nesken arteko
kinielagaz hasi da jaialdia. Berriatua, Mutriku, Tolosa, Markina-Xemein, Gasteiz eta Ereñoko taldeetako hamabi pilotari gazte atera dira kantxara ikuskizuna eskaintzeko asmoz. Azkenean, Berriatuko
Nahia eta Tolosako Beotibar klubeko
Izaro izan dira garaileak, kiniela dotore bat jokatu ondoren. Berriatukoak, nahiz eta atzelaria izan, aurrelari postuan jokatu du, eta min handia egin du sakeagaz.
Miguel Angel Bilbaori omenaldia. Patxi Jauregi Euskal Pilota Federakuntzako presidentea, Isa Mandiola Markina-Xemeingo Udaleko zinegotzia, Juan Mª Bengoa ‘Chino’ puntista ohia eta Miguel Angel Bilbao frontoiko kantxan.
Omenaldia. Gazteen finalaren ostean,
Miguel Angel Bilbao markina-xemeindarra omendu dute. “Lasai” zegoela esan du zesta-puntaren bultzatzaile nekaezinak, frontoiko eskaileratan behera kantxarako bidean zihoala, baina, emozioz betetako uneak bizi izan ditu frontoiaren erdira atera denean. “Vamos al fronton” kanta abestu dio Markina-Xemeingo Xemein Abesbatzak Bilbaori, puntista gazteek zestekin egindako arku azpitik igaro eta kantxaren erdira ailegatu den bitartean. Harmailetan zegoen publikoaren txaloak entzunda, oparien txanda ailagatu da ondoren. Lora sorta, plaka eta zesta-puntari lotutako koadroa oparitu diote Markina-Xemeingo Udalak, Xisterak eta Euskal Pilota Federakuntzak, zesta-puntaren alde egindako lana aitortzeko, eta aurreskua dantzatu diote hiru pilotari gaztek, bere iloba tarteko. “Zorionak” ere opa dizkiote kantuan, abesbatzakoek.