Proiektua ekonomikoki babestuz, herritarrei Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz irakurtzeko eskubidea bermatu nahi die udalak. Gainera, hitzarmena sinatuta, bai udalak eta baita HITZA-k ere, elkarlanerako konpromisoa berretsi dute. Horrela, beraz, orain arte egin legez, Aulestiko Udalak lau urtetan proiektua babesten jarraituko du (2016, 2017, 2018 eta 2019).
Udalaren eta euskarazko komunikabidearen arteko hitzarmena ondokoek sinatu dute: Mikel Antsotegi Jaio Aulestiko alkateak, Larraitz Ibaibarriaga Etxaburu
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza-ren zuzendariak eta Ama Lur Bedialauneta proiektuaren kudeatzaileak.
Udalak nabarmendu duenez, HITZA proiektua euskararen biziberritze eta berreskuratzeko funtsezkoa da. “Gainera, eskualdean sortzen den informazioa euskaratik eta euskaraz kudeatuz eta komunikatuz, HITZA proiektuaren helburuetariko bat da baita ere euskararen normalizazio bidean ekarpen esanguratsua egitea”.
Ama Lur Bedialauneta, Mikel Antsotegi eta Larraitz Ibaibarriaga, hitzarmena sinatzen
Hitzarmenagaz, gainera, HITZA-k paperean zein sarean egiten duen lana aitortu eta etorkizunean proiektuan hobekuntzak egiteko babesa eman nahi du Aulestiko Udalak. “Lankidetza hitzarmena beharrezkoa da proiektuaren kalitatea ziurtatu eta sendotzeko”.
Funtsean, helburu guztiak betetzeko, datozen urteetan
elkarlana izango dela oinarri adierazi dute bi aldeek. Eta bide horretatik, aurrera egiteko bideak etengabe aztertu eta egin beharreko hobekuntzak egiteko saiakerak egiteko konpromisoa hartu dute. “Elkarlan horren adierazle izango da, esaterako, udalak berak sortzen dituen edota herrian sortzen den informazio jarioa sistematikoki trukatzeko neurriak hartzea”.
Publizitatean ere laguntza. Urtero proiektua laguntzeko zuzeneko diru ekarpena egiteaz gain, udalak sortzen dituen iragarki ofizialak ere egunkarian sartzeko konpromisoa hartu du Aulestiko Udalak. Izan ere, HITZA proiektuari laguntzeko bide ezberdinak erabili ahal dira: zuzeneko diru ekarpena, publizitatea ipiniz, harpidedun egin, 11Barri diseinu eta komunikazio enpresari lanak eman…