Ondarroako Udalak, Aurrera Mendi Taldearen laguntzagaz,
100 ondarrutarrek baietz 10 mendi igo erronka ezarri zuen 2016. urte hasieran. Eta herritarrek erronka betetzea lortu dute. Udal ordezkariek ekimenaren balorazio positiboa egin dute eta aurten ere beste zer edo zer egiteko lanean hasita daudela aurreratu dute.
Erronka betetzeko, udalak proposatutako
25 tontorretatik hamar igo behar zituzten herritarrek. Eta udalak jakitera eman duenez, batzuek proposatutako tontor guztiak igo dituzte.
Erronkan parte hartzeko, tontorrean argazkia atera eta hori udalari bidali behar zioten herritarrek; argazki horiek guztiak
Kirol Agenda-ren Facebookeko horman daude ikusgai.
Azkenean, erronka bete dutenak 100 herritar baino gehiago izan badira ere, abenduaren 29an udalak jakitera eman zuen ordura arte 93 herritarrek bete zutela erronka. Eta erronka betetzeko mendi gutxi falta zitzaizkienak hamar gailurrak egitera animatu zituzten.
Helburua beteta, udal ordezkariek herritarrak zoriondu nahi izan dituzte. «Eskerrik asko, benetan!». Bide beretik, Aurrera Mendi Taldeari ere eskerrak eman nahi izan dizkiete. «Zuen laguntza barik erronka hau ez zen posible izango».
Iazko eta 2015eko erronkek kirol zaletasuna eta mendi zaletasuna bultzatzea izan dute helburu. «Kirol arloan herritarren osasun ohitura onak bultzatzeari garrantzia berezia ematen diogu, hori dela eta, azken urteetan erronka ezberdinak proposatuko dizkiegu herritarrei», azaldu du Unai Barrenetxea Ondarroako Udaleko kirol zinegotziak.