Larrialdi edo premiazko egoeran dauden herritarrak Uribarren Abaroa Fundazioak dituen baliabide eta zerbitzuak erabiltzeko aukera izango dute Lekeitioko Udalak eta Uribarren Abaroa Fundazioak adostu duten lankidetza hitzarmenari esker. Fernando Ibarra Egiguren Uribarren Abaroa Erresidentziako zuzendariak eta Koldo Goitia Markuerkiaga Lekeitioko alkateak sinatu dute,
aurten hasi eta 2021eko abenduaren 31ra arte indarrean egongo den akordioa.
Hitzarmenaren xedea, Uribarren Abaroa Fundazioaren eta Lekeitioko Udalaren artean lankidetza egotea dela esan dute, “premiazko egoeran dauden herritarrak fundazioak dituen baliabide eta zerbitzuak erabili ahal izateko”. Horrela, Lekeitioko Udalak zehazten dituen pertsonei, arreta sozio-sanitarioa emango die fundazioak, Egoitzan edo Eguneko Zentroan.
![Koldo Goitia Markuerkiaga Lekeitioko alkatea, Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ongizate saileko zinegotzia eta Fernando Ibarra Egiguren Uribarren Abaroa Erresidentziako zuzendaria. Argazkia: Lekeitioko Udala](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2017/01/Lekeitioko-Udala-eta-Uribarren-Abaroa-hitzarmena.jpg)
Koldo Goitia Markuerkiaga Lekeitioko alkatea, Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ongizate saileko zinegotzia eta Fernando Ibarra Egiguren Uribarren Abaroa Erresidentziako zuzendaria. Argazkia: Lekeitioko Udala
Azaldu dutenez, ezinbestekoa denean hartuko dute aukera hori. “Pertsonak bere beharrizanak egoki asetuta ez dituenean ez etxebizitza inguruan ez eta familia inguruan, ez eta beste ostatu aukeretan ere”.
Lekeitioko Udaleko talde profesional bat izango da, txosten teknikoaren bidez, deribagarriak diren egoera eta kasuak zehaztuko dituena.