Kalean Eguna jai solidarioa egingo dute Ondarroako Gaztetxean
Gazteak kalean: Muntaia polizialik ez!!! lelopean, Kalean Eguna elkartasun jaialdia ospatuko dute zapatuan [urtarrilak 7] Ondarroako Gaztetxean. Ekintzak 12:00etan hasiko dira, hitzaldiagaz. Eta ostean gazte poteoa egingo dute.
14:30ean bazkarian batuko dira jaian parte hartuko dutenak. Eta jakitera eman dutenez, bazkalostean kantaldia egingo dute. Jaia gaueko kontzertuek itxiko dute. Horretan, Oztopo Ibarrako punk taldea eta Parrazta Zumaiako punk taldea igoko dira gaztetxeko oholtzara.
Gazteei babesa adierazteko. Ondarroako Gazte Asanbladako kideek bihar egingo duten jaia Tolosako gazteei elkartasuna adierazteko izango dela jakitera eman dute.
Izan ere, Tolosako bost gazteri guztira hogei urteko kartzela zigorra eskatzen diete. Diotenez, kartzela zigor eskaera hori «muntaia polizial» baten ondorio da. Horren guztiaren harira, Gazteak Kalean plataforma sortu zuten eta erantzun kolektibo bat ematea beharrezkotzat jo zuen plataformak. «Gazteak kalean geratzeko denon ekarpena beharrezkoa da; elkartasuna eta konpromisoa bildu behar dira».
Bateko eta besteko herrietako gazteen elkartasun keinuak jasotzeaz gain, Tolosako gaztei laguntzeko Gazteak Kalean kamisetak atera zituzten, «errepresioari aurre egiteko». Eta OGAko kideek jakitera eman dutenez, kamiseta horiek salgai egongo dira zapatuan Ondarroako Gaztetxean.