2017ko uztailaren bigarren asteburuan ospatuko den Kaleka 28. Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdian parte hartzeko aukera zabalik dago.
Urtarrilaren 31ra arte egongo da proposamenak aurkezteko aukera.
Kalekaren deialdia espazio publikoa edo izaera bitxiko espazioak gaurkotasunean burututako sorrera-lanak aurkezteko erabiltzen dituzten artista, kolektibo, elkarte profesional edo edozein autoretza motarentzat irekia dagoela esan dute. “Deialdian hautatuak izan daitezke, kale-arte mailan jasota dauden edozein disziplinako lanak. Aldi berean, kontutan hartuko dira, nahiz eta esandako mailan jasota ez egon, espazio publikoa garapen-bide eta lanaren aurkezpen publiko bezala hartzen dituzten lanak ere”.
Proposamen guztiak zein publikori zuzentzen zaizkion ere adierazi beharko dute. Hau da, publiko guztientzat, haurrentzat, familientzat edo helduentzat diren zehaztu beharko dute.
Aukeraketa. Proposamenak aukeratzerako orduan kontuan izango dute Lekeitiogaz duen egokitzapen maila, publiko ezberdinei zuzendua egotea, izaera berria izatea, interakzioa eta parte hartze modu berriak eskaintzea eta inguruneko baliabide material edo inmaterialen ustiapena.
Kalekak
Internet bidez jasoko ditu proposamenak, eta balorazio eta hautaketa prozesua 2017ko otsailaren 1etik martxoaren 31rarte burutuko dute. “Proposamen eskaera bakoitzari emaitza mail bidez jakinaraziko zaio”, azaldu dute.