Olatu amaiezina "beharrezkoa da", euskarak arnasa hartzen jarraitzeko

Domekan hasiko da Lekeition Trinketeko Beteranoen Esku Pilota Txapelketa

Sei bikotek parte hartuko dute aurten, hamabigarren urtez jokatuko den Trinketeko Beteranoan Esku Pilota txapelketan. Domeka goizean [urtarrilak 8] egin zuten pilota aukeraketa eta partiden zozketa. Juan Ignacio Izarra epaile eta pilota aukeratzailearen agindupean, gainera, txapelketarako prestatzen ibili ziren Conde, Telleria, Foster eta Arrate. Datorren domekan, urtarrilak 15, hasiko da martxan txapelketako ligaxka. Hiru partida jokatuko dira, eta 09:30ean jokatuko dute lehenengoa. 10:15ean eta 11:00etan jokatuko dituzte beste biak.
Beteranoen Trinkete txapelketako partaideak

Beteranoen Trinkete txapelketako partaideak.

Lehen norgehiagoka Moral (Lekeitio) eta Laka (Mendexa) eta Gandiaga (Berriatua) eta Arrate (Lekeitio) bikoteen artekoa izango da. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Orbea izango da Arraten bikotea, baina gaixorik dagoela eta, bere ordezkoa Gandiaga berriatuarrak hartuko du. “Partida orekatua eta polita izango da”, aurreratu dute. Telleriak (Mallabia) eta Condek (Elgoibar) osatutako bikotea Astigarragaren (Deba) eta  Egañaren (Mendaro) kontra ariko da bigarren partidan. Telleria iazko txapelduna da, eta aurten Conde elgoibartarra izango du oraingoan bere atzea zaintzen. “Aurten ere faboritoak ditugu, baina Astigarraga sasoian dago nahiz eta 63 urte eduki, eta Egañak atzean bere maila mantenduz gero, partidua euren alde ipini daiteke”, zehaztu dute antolatzaileek. 11:00etan jarriko dira aurrez aurre Jaunarenak (Garzaron) eta Fosterrek (Lekeitio) osatutako bikotea eta Berazak (Elgoibar) eta Etxebarriak (Elgoibar) osatutakoa. “Jaunarena Txantreako txapelketa irabazi berri dator, eta Foster pilota aukeraketan oso seguru ibili da, beraz, bikote sendoa osatzen dute”. Elgoibartarrak, berriz, Leniz Gatzagako txapelketa irabazita datozela aitatu dute antolatzaileek, eta animo handiekin omen daude.