Elikagaien Bankuaren lokal berria inauguratu dute Lekeition
Elikagai bankurik barik geratzeko zorian egon zen Lekeitio, baina boluntarioen, udalaren eta batez ere Uribarren Abaroa Fundazioaren ekimenez, Lekeitio eta inguruko herrietako 47 familik premiazko elikagaiak jasotzen jarraituko dute. Herriko monjek herentziaz jaso zuten lokal batean egon da orain arte Lekeitioko elikagai bankua, orain, berriz, Uribarren Abaroa Fundazioak egoitzaren eraikineko lokal bat utziko dio.
Aterpe bat zena biltegi bihurtu du fundazioak, eta bertan batu dira, gaur goizean [urtarrilak 13] Marisol Iturraspe Lekeitioko Elikagaien Bankuaren sustatzailea, eta beste batzuren artean, beragaz batera boluntario lanetan jarduten duten Nere Jauregi eta Izaskun Erkiaga, elikagaiak Basauriko bankutik Lea-Artibaira ekartzen dituen Juanjo Bedialauneta, Teresa Infante Bizkaiko Elikagaien Bankuko arduraduna, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea, Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkatea, Amaia Antxustegi eta Mertxe Arrizubieta Lekeitioko Udaleko zinegotziak, Lekeitioko Jubilatuen Elkarteko ordezkariak, eta zelan ez, Fernando Ibarra Uribarren Abaroa Erresidentziako zuzendaria eta Kepa Mirena Agirre Patronatuko lehendakaria.
2016ko maiatzean Lekeitioko Elikagaien Bankuko ordezkariak Lekeitioko Udalari laguntza eskatu zioten, abenduan lokal gabe geratuko zirela esanez, lokala jabetza pribatukoa baitzen eta jabeak behar zuelako. Lokal faltaren arazoari irtenbidea emateko aukera ezberdinak aztertzen ibili zirela azaldu du Lekeitioko alkateak. “Proposamen ezberdinak egon ziren, baina ez zen egokirik ikusi, eta beste hainbat alditan bezala Fernando Ibarrari deitu genion. Fernando Ibarra herriaren beharrei erantzuteko beti prest dagoenez eta beti konponbide bat aurkitzen duenez, oraingoan ere erantzuna eman zuen”. Hori dela eta, eskerrak eman dizkiote udalaren izenean.
Lokalak, besteak beste, altzairu, apal eta izozkailu berriak ditu, bai eta kalefakzioa ere, eta generoa kargatu eta deskargatzeko traspaleta berezi bat ere eskura izango dute Elikagaien bankuko boluntarioek.
Sinetsi ezinik. Marisol Iturraspek ere eskerrak eman ditu, eta Lekeitioko elikagai bankuaren sorrera eta funtzionamendua azaldu ditu. “Gu Ondarroako elkartearen adar bat gara, berri bat sortzea korapilatsua zen eta”. Ondarroako Danon Artin elkarteko Juanjo Bedilaunetak ekartzen dizkietela janariak azaldu du Iturraspek, hilero. Berak eta Ziortzako kolejiatako Aita Ramonek, zehaztu du.
Guztira, bederatzi dira, momentu honetan, Lekeitioko Elikagaien Bankuan boluntario dabiltzanak: Marisol Iturraspe, Nere Jauregi, Sira Jauregi, Izaskun Erkiaga, Ana Lizaso eta Jose Mari Lizaso eta hiru berri, Aitor Itza, Bingen Zumajo eta Gorosti Txopitea.
Bilketak eta merkatu txikiak egin dituztela azaldu du Iturraspek. Azken hilabeteetan, esate baterako, esnea erosi behar izan dute. “Azukrea, zerealak eta gailetak ere erosi ditugu”, gaineratu du.
Egoera ezberdinetan daudenek jotzen dute elikagai bankura jatekoa eskuratzera. «Lanean ari direnak ere badaude laguntzen ditugunen artean. Jasotzen duten soldata murritza ez da nahikoa familia bati eutsi eta edukitzen diren gastu guztiak ordaindu ahal izateko: argia, ura, etxebizitza… Horiek ere, elikagaien bankura jo behar izan dute bizirik irauteko».
Zehaztu duenez, gainera, laguntza bila datozenak ez dira soilik etorkinak, askok uste duten modura. «Bertokoak daude tartean», nabarmendu du.
Lokalaren arazoa konponduko zela zihur zegoela adierazi du Teresa Infantek, eta udalaren, lokal bila buru-belarri ibili den Amaia Antxustegi Gizarte Ongizate zinegotziaren eta fundazioaren prestutasuna eskertu ditu. Gal daitekeen janariez gain, fruta eta janari izoztuak emateko aukera egongo dela ere aurreratu du Bizkaiko Elikagaien Bankuko arduradunak.
Lokal berriaren bilaketan nahasi diren guztiei esker, bihar [urtarrilak 14] bertan jasoko dute hilabete honetako janaria, premia dutenek, Lekeitioko Elikagaien Bankuko lokal berritik, seguruenik, esker onez.