Ongarria dena inoiz ez da soberan geratuko. Ez behintzat auzolana tarteko bada. Izan ere, leku baten soberan badago, auzolanari esker, beste nonbaiten erabili ahal da. Eta horixe bera da Lekeiton egin dutena: Letraukuan egindako auzo konpostaren soberakina Lekitto Bedarrari eman diote auzotarrek, eta azken horiek Usotegi parkera bideratu dute.
Letraukuan konposta egiten duten familiak, baina, ez dira bakarrak. «Hainbat auzoetako herritarrek dute konposta egiteko gunea, eta soberan izaten dutenean Lekitto Bedarra taldeari ematen diote, guk Usotegiko ortuetan erabiltzeko», azaldu dute Lekitto Bedarreko kideek.
Herritarrak, konposta garraiatzen, Letraukuatik Usotegira. Argazkia: Lekitto Bedarra.
Zehatz esateko, Letraukuako auzotarrek
50 kilo inguru konpost eman dizkiote taldeari. «Gainera, konposta oso kalitate handikoa da». Taldekoek azaldu dutenez, joan den asteko zapatuan eroan zuten konposta Usotegira. Eta Letraukuan egindako konposta zertarako erabiliko duten ere aurreratu dute. «Udaberrian hazi haztegiak martxan ipintzeko erabiliko dugu ongarri hori guztia. Eta nahi duten herritar guztiek hainbat landare desberdin ekoitzi ahalko dituzte, ongietorriak izango dira».
Esker oneko berbak. Bide beretik, Lekitto Bedarreko kideek esker ona adierazi nahi izan diete Letraukuakoei. «Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Letraukuan konposta egiteko konpromisoa duten familiei. Izan ere, euren ahaleginarengatik aukera eder hau eskaini digute, natura zaindu eta herriari dirua aurrezteaz gain».
Elkarlanaren fruitua partekatzeaz gain, Lekitto Bedarrekoek Usotegi parkean dagoen konpostagunea erabiltzeko deia egin nahi izan diete Goiko, Beko eta Atea kaleen inguruan bizi diren herritarrei».
Herritarrak, Letraukuako konposta Usotegin uzten. Argazkia: Lekitto Bedarra.