Osasun zentro bakoitzari 0-14 urte bitartean dauden
900 umeko pediatra bat dagokio, baina kalkulu horiek ez dira beti betetzen. Lekeitioko osasun etxea da horren adibide. Kontuan izanik Lekeitioko osasun etxeak inguruko herrietako ume guztiak hartzen dituela, pediatra eta erdi izan beharko lituzke, baina, ostera, ez dute bakar bat ere. Lekeitioko osasun etxean umeak artatzen dituen medikua ez da pediatra, familia medikua baizik.
Dirudienez, Lekeitioko osasun etxeko kasua ez da bakarra: beste udalerri batzuetan ere badute arazo bera. Hau da, haurra pediatrarenera eraman, eta artatzen duena familia mediku bat izatea. Horixe da egun Bizkaian eta Bizkaitik kanpo guraso askok duten errealitatea.
Lekeitioko arazoa ez da berria, baina guraso asko ez dira orain arte egoeraz jabetu, eta albistea ez zaie bat ere gustatu.
Pediatra umea artatzen.
Altzuan taldearen bidez jakin dute guraso askok Lekeition umeak artatzen dituen medikua ez dela pediatra. Bularreko tailerretik sortu zen taldea. Tailer hori labur gelditu zitzaien, bularragaz gain beste gai batzuk landu nahi zituzten eta. Beraz, talde bat sortu zuten umeekin izaten diren hazkuntzari lotutako beste kezka batzuei ere erantzun bat emateko asmoz. Lekeitioko Udalari espazio bat eskatu eta bigarren urtea daramate astean birritan biltzen. Bilera horietako batean azaldu zen ezustekoa.
Altzuan taldekoek argi utzi dute ez daukatela ezer orain dagoen medikuaren kontra. «Euren eginean ondo egiten dute lan, baina ez dira pediatrak. Ni oftalmologoarengana banoa oftalmologoak ikustea nahi dut edo dermatologoarengana banoa dermatologoak, eta ez beste mediku batek», diote.
Larrialdiak, urrun. Umeak artatzen dituzten medikuak lanez gainezka daudenean, osasun etxeko urgentzietako medikuarengana bideratzen dituztela ere gaineratu dute.
«Urgentzietako medikua ere famili medikua da, beraz, pediatra batek umea artatzea nahi badugu Gurutzeta edo Mendaroko ospitaleetara joatera behartuta gaude».
Ospitale biak Lekeitiotik ordu betera daude errepidez; urrunegi gurasoen ustez. Hurrerago Gernika-Lumo eta Galdakaoko ospitaleak daude, baina horiek ez dute pediatria-urgentzia zerbitzurik.
Arazoari erantzun bat bilatu nahian, mugitzen hasi ziren gurasoak, hasiera batean bakoitza bere kontura. «Lekeitioren moduko herri batean, eskubide hori geneukan edo ez jakin nahi genuen, eta Eusko Jaurlaritzak esan digu 900 umeko pediatra bat dagokiola.
Lekeition eta inguruetan ia 1.400 ume daude, beraz pediatra eta erdirako eskubidea daukagu».
Osakidetzari idatziak ere bidali dizkiote pediatra baten eske, baina azaldu dutenez, erantzuna beti izan da berdina: «Oso profesionala da, eta zerbitzua bermatuta dago». Gurasoen esanetan, inork ez dio profesionaltasunik kentzen sendagileari, baina bere berezitasun edo espezialitatea ez direla umeak nabarmentzen dute «ez da eta pediatra bat».
Oztopo horiek eta erantzun horiek ikusita erakundeen aurrera talde modura agertzea erabaki dute orain, guztien artean indar handiagoa egiteko. Horrela, jendeari egoeraren berri ematen hasi dira, eta Osakidetzari konponbidea eskatzeko
sinadura bilketa bat hasi dute. Alde batetik,
Change.org orrialdean hasi dira sinadurak eskatzen. Helburua 1.000 sinadura biltzea dute, eta momentuz 682 daramate. Bestalde, kalera ere atera dira egiten ari direna bistaratzeko, eta horretan jarraituko dutela azpimarratu dute. «Egun bakarrean 400 sinadura batu genituen».
Plaza gutxi. Egoera kaleratu eta babes bila mugitzen hastean, ikusi dute Euskal Herrian arazo handia dagoela pediatrekin. «Ez dago pediatren lanpostu nahikorik; ez dute postu berririk ateratzen dauden beharrizak betetzeko, eta plazarik ateratzen ez bada ere ez da jendea ikastera animatuko».
Osakidetzaren esanetan plazak eskaintzea Espainiako Estatuaren eskumena da. Hala ere, Osakidetzak eskaintza hori benetan bermatu beharko lukeela azpimarratzen dute Lekeitioko gurasoek.
«Egoerari erantzuna ematen diotela diote, baina gure ustez ez da horrela. Lekeitiora inork ez duela etorri ere esan digute, arazoa arrazoitu nahian, baina ez dugu uste horrela denik. Plaza eskainiz gero, etorriko litzateke bateren bat. Arazoa da ez dutela posturik eskaintzen».
Euskal Herriko Pediatren Elkarteagaz ere hitz egin dute gurasoek. «Askotan goizaldeko ordutegiak dituzten larrialdi plazak eskaintzen dizkietela esan digute, baina ez da gure kasua, 08:00etatik 15:00etara izango litzateke-eta lana».
Altzuan taldekoek azaldu dutenez,
urte asko dira Lekeition pediatrarik ez dutela. «Azken pediatra egon zenetik, gutxi gora-behera hamar urte igaro dira, eta pediatra bakarra egon da tarte horretan, baina lekualdaketa eskatu zuen eta berriz ere familia medikua bidali dute».
Lekeitioko osasun etxean
Aulesti,
Amoroto,
Ispaster,
Gizaburuaga,
Mendexa eta
Lekeitioko umeak batzen dira. Hori dela eta, herri horietako guztietako alkateekin bildu nahi dute, guztien artean indarra egiteko. «Ez da erraza izango, guk uste baino arazo sakonagoa delako. Hala ere, guk jarraitu egingo dugu eskatzen».
Udalen erantzunen arabera, modu batera edo bestera jokatuko dute. «Ez badira konprometitzen gure kontura egingo dugu aurrera. Hau iraupen-lasterketa dela badakigu, baina gure umeen osasuna dago jokoan».