Aurten ere
arrakasta handia izan du Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxeko Bertso Txapelketak. Sarrera guztiak agortuta, gehiagoren eske joan zenik ere egon zen. Bederatzigarren txapelketak bertso onez eta publikoz bete zuen zapatuan [urtarrilak 28] gaztetxea.
Afaria eskaini zuen lehenengo Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak, eta ostean hasi zen bertso saioa Bernardo Atxagarairen hitzaldiagaz.
Markinaldeko Merindadeko historian garrantzi handia zuen koadro bat aurkitu zutela iragarri eta koadro horri bizia eman zioten gaztetxean bildutako guztiak Merindadeko batzar haren testigu izateko.
Akerbeltz gaztetxeko Bertso Txapelketan parte hartu zuten zortzi bertsolariak. Argazkia: Markina-Xemeingo Gazte Asanblada
Historiako atal bateri lotutako gaiak kantatu behar izan zituzten koadroaren parte izan ziren zortzi bertsolariek. Bi bertsolarik hartu zuten Merindadeko ordezkaritza bakoitza: Marquiñako baserritarren ordezkariak
Nerea Ibarzabal eta
Nahia Ibarzabal izan ziren, Jemeingo jaun onac
Joseba Sololuze eta
Lander San Martin, Marquiñaco merkatariac
Iratxe Ibarra eta
Josune Aramendi eta Etxebarriaco kondeac
Joseba Artza eta
Lander Ibarluzea Aitxulua. Sagastigureneko harrietan jarrita, bertsolari bakoitzak bere papera defendatu zuen Graxi Arregi eskribauak jartzen zizkien gaiak josiz.
Bertsolariez gain, historia azaltzen joateko esketx-ak ere tartekatu zituzten saioan. Oro har, jolas askoko saioa izan zen eta publikoaren parte hartzea eskatzen zuen. Beraz, publikoa ere ekitaldiaren parte izan eta gozatzeko aukera eduki zuen.
Bikote guztiek maila handia erakutsi zuten, baina azkenean, Marquiñaco merkatariac eta Marquiñako baserritarrak ailegatu ziren buruz burukora, eta merkatarientzat izan zen garaipena.
Helburuak beteta. Akerbeltz gaztetxeko Bertso Txapelketa erreferentziazko saio bihurtu da jada, bai publikoarentzat zein bertsolarientzat ere. Azken urteetan kantatu ez duten bertsolariak itzuli eta berriak ere batu dituzte bederatzigarren saioan; Nahia Ibarzabalentzat bere lehen plaza izan zen esate baterako, zapatukoa [urtarrilak 28]. Hori dela eta, txapelketaren helburua bete dutela azpimarratu dute gazte asanbladakoek. “Txapelketa
inguruetako bertsolarientzako plaza izatea nahi genuen, eta helburua bete dugu guztiz. Urteetan mantendu diren, berriz ere itzuli diren eta berriak ere batu ditugu”.
Publikoari ere
esker ona erakutsi nahi izan diote. “Txapelketan jai giroa izaten da nagusi, publikoak bertsolariak animatzen ditu, baina, aldi berean, bertsolarien lana errespetatzen da, eta isiltasun osoa mantentzen dakite hala behar denean”.
Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak lan handia egiten du urtero txapelketa antolatzeko. Ardura ugari egoten direla azaldu dute: gidoia, apainketa, gaiak, ariketak eta jokoak uztartzea… Hala ere, publikoaren eta bertsolarien erantzun ona ikusita “merezi duen ekitaldia” dela azpimarratu dute, eta hurrengoa antolatzeko gogoz daude jada.