Errefuxiatuei buruzko jardunaldiak antolatu ditu astebururako Uhagon Kultur Elkarteak beste herritar batzuekin batera. Komunikabideetan eta testigantzen bidez errefuxiatuen egoerari buruz ailegatzen diren berriez kezkatuta, gai horren inguruan hausnartu, egoera hobeto ezagutu eta gizartearen sentsibilizazioan eragin nahi dute.
Jardunaldiak
barikuan [otsailak 3] hasiko dira
Cesar Manzanos EHUko irakasle eta Salhaketako kidearen hitzaldiagaz.
Kapitalismoaren zoramena eta beldurraren gizartea: etengabeko gerraren merkantilismoa eta gizartean dituen eraginak izeneko hitzaldia eskainiko du gaztelaniaz. Hau da,
19:00etan hasiko den hitzaldiak gerra eta horren atzean dauden interesei buruz jardungo duela jakitera eman dute antolatzaileek.
‘Refugiados: Camino a ninguna parte’ dokumentalaren irudia. Zuzendariak: Unax Blanco eta Asier Garcia
Domekan [otsailak 5], berriz, Ane Irazabal kazetarieren eskutik, Europar Batasunak eta Turkiak sinatutako hitzarmenaren ondoren, Grezian errefuxiatuta dauden 70.000 pertsona baino gehiagok bizi duten errealitatea jasotzen duen
Refugiados, camino a ninguna parte dokumentala ikusteko aukera egongo da
18:30ean,
kulturgunean. Unax Blanco eta Asier Garciak zuzendu eta Hodei Arrausi eta Leire Palaciosek idatzitako dokumentalak gerratik ihesi milaka kilometro egin ondoren Greziara ailegatu eta hesi bategaz aurkitu diren errefuxiatuei izena eta aurpegia jartzen die lau errefuxiatuen egoera islatuz. Kontakizun horiekin uztartzen dira gainera, boluntarioen iritzi eta erakunde eta politikarien diskurtsoak, bai eta kazetarien ikuspuntua ere.
Dokumentala ikusteagaz gain, Unax Blanco dokumentalaren zuzendariaren eta Idomenin eta Thesalonikan boluntario egondako
Oihana eta Enara Goikoetxea Osa ondarrutarren zuzeneko testigantza entzuteko aukera egongo da, eta euren esperientzia azaldu ondoren, galderentzako tartea zabalduko dutela aurreratu dute antolatzaileek.
Dokumentalagaz lotuta,
Josu Peña argazkilariaren
Lotsa argazki erakusketa ere egongo da ikusgai kulturguneko kafetegian otsailaren 19a arte. Unax Blancogaz lanean osatu zuten ikusentzunezkoaren parte dira portugaletetarraren argazkiak.