Emakume Master Cup-a jokatzen ari dira Leire Etxaniz eta Iratxe Ibarra
Urtarrilean hasi zen Emakume Master Cup esku pilota txapelketa jokatzen ari dira Iratxe Ibarra markina-xemeindarra eta Leire Etxaniz etxebarritarra. Otsailera arte sailkapen fasea jokatuko dute, eta martxoaren 5ean izango dira finalak, Zornotzako Udal Pilotalekuan.
Elite mailako kanporaketa jokatuko du domekan [otsailak 5], Ordizian, Leire Etxanizek. 11:00etan hasiko den norgahiagokan Olatz Arrizabalaga izango du bikotea.
Lehen mailan jokatzen ari da, bestalde, Iratxe Ibarra. Asteburu honetan atseden hartuko du markina-xemeindarrak, eta datorren domekan [otsailak 12] edukiko du final laurdenetako hirugarren kanporaketa. 12:30ean jokatuko du Zumarragan Asturiasko Lucia Fonseca bikote izango duelarik.
75 pilotari. Urtarrilaren 22an hasi zen martxan Emakume Master Cup txapelketa, Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan. 75 pilotarik ekin zioten maila bitan jokatuko den txapelketari: elite maila eta lehen maila. Hainbat herrialdetako pilotariak daude zerrendan, bai eta Euskal Herritik kanpokoak, Granada, Bartzelona, Valentzia, eta Kubakoak besteak beste.