Lekeitioko Udalak espazio publikoan dauden elementuak araudira egokitzeko neurriak hartuko ditu
Herriko taberna, denda, eta beste negozio batzuk espaloietan baimenduta ez dauden barra, barrika, jarleku, mahai, eguzkitako, iragarki kartel, lorontzi eta bestelako elementu asko inongo baimen barik jartzen ari direla ikusita, eta kasu askotan oinezkoak igarotzeko oztopo direnez, gaur egun indarrean dagoen 2012ko apirilaren 13ko Hiri barruko bideetako trafikoa, erabilerak eta segurtasuna antolatzeko udal ordenantza aplikatzeko neurriak hartuko dituela jakitera eman du Lekeitioko Udalak.
Espazio publikoetan baimendu gabeko elementuak jarri izanak herritarren kexak eragin dituela adierazi dute, bai eta ordenantza betetzen duten negozioenak ere.
Hartuko diren neurrien eta bete beharreko izapideak azaltzeko, dendari, tabernari eta negozio guztiei gutun bat bidaliko die udalak egunotan. Zehaztu dutenez, lokal edo negozio kanpoan baimendu gabeko elementuak dituztenek, baimena eskatu beharko diote udalari 2017ko martxoaren 15a baino lehen.
“Udalak eskaerak banan-banan aztertuko ditu, eta baimena ematea posible den ala ez adieraziko du. Ezezkoa bada, arrazoitu egingo da eta zeintzu baldintza bete beharko lituzkeen zehaztu”, azaldu dute.
Bestalde, elementu horiek baimen barik jartzen jarraitzen dutenek, elementuak kendu beharko dituztela azpimarratu du udalak. “Bestela, udalak, ofizioz kenduko ditu bide publikotik eta gastuak interesatuaren kontura izango dira”.