Europa Pressen arabera, Espainiako Auzitegi Nazionalak Puerto III kartzelako zuzendaritzari agindu dio abokatu presoari dagozkion bizi baldintzak errespetatzeko. Nazio Batuen Erakundearen (NBE)
Mandela arauen arabera, debekatuta egon behar luke hamabost egunetik gora preso bat bakartuta edukitzeak, kalte atzeraezinak sor ditzakeelako; Zuluetak hiru urte baino gehiago daramatza bakartuta.
2014ko urtarrilean atxilotu zuten Zulueta, eta geroztik bakartuta izan dute Puerto III (Cadiz, Espainia) espetxeko modulu batean.
Askotan salatu du abokatu presoaren egoera haren aldeko plataformak: espetxe zaindariekin ez beste inorekin harremanik izan gabe egon da, egunean ziega barruan 20 ordu ematen dituela. Patiora, izan ere, bakarrik atera izan dute.
Orain, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaile
Maria de los Reyes Jimenok onartu egin du Zuluetak jarritako salaketa bat, eta ziegatik kanpo eman beharreko lau ordu horietan beste presoekin egoteko aukera izan behar duela agindu dio espetxeko zuzendaritzari. Egoera hori “berehala” konpondu behar dela ebatzi du epaileak.
EPPK-ko preso gehienen gisan, lehen graduan dago sailkatuta Zulueta, gradurik gogorrenean. Horrek, ordea, ez dio kentzen gainerako presoekin batera egoteko eskubidea. Espetxeko arduradunek preso kopuruarekin eta espazio arazoekin argudiatu izan dute Zuluetaren bakartzea, baina epaileak adierazi du hori ezin dela izan hainbeste denboran presoa bakarrik mantentzeko arrazoia.
Testua: Berria