Leire Etxaniz etxebarritarra elite mailako paleta txapelketako finalerdietarako sailkatu da
Nagore Martin, gaur egungo nesken gomazko paletako txapeldunagaz batera, bere bigarren garaipena eskuratu du Leire Etxaniz Bengoa Etxebarriko kirolariak, Euskal Herriko Nesken gomazko paletako elite mailan. Orain arte jokatutako bi jardunaldiak irabazi ditu bikoteak, eta tantoen aldea 32 baino gehiagokoa izanik, ezinezkoa dute jada A multzoko hirugarren postuan bukatzea. Sailkapeneko lehen edo bigarren postuan gelditzea borrokatu du, beraz, bikoteak.
Agirre eta Agirreren kontrako lehen partida 25 eta 8 irabazi zuten Etxanizek eta Martinek, eta joan den zapatuan ere [otsailak 11] daukaten kalitate handia erakutsi zuten Mallabian, Murillori eta Arrietari 10 eta 25 irabazita.
Aristorena eta Huizi izango dituzte berriz, aurkari zapatuan [otsailak 18]. Aristorenak eta Huizik bere lehenengo puntua lortu zuten joan den zapatuan Garmendia eta Agirre 20 eta 25 menderatuta, eta bigarrenak daude sailkapenean.
Mallabiako pilotalekuan beste ekitaldi bat dagoela eta, Euskal Herriko Elite mailako Gomazko Paleta Txapelketaren ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia Mañarian jokatuko dela jakitera eman du Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak. 16:30ean dute jokatzeko ordua Etxanizek eta Martinek.
A multzoan. Otsailaren 4an hasi zen martxan Nesken Gomazko Paletazko Elite txapelketa. Iaz Nagore Martinek eta Garazi Eizmendik eskuratu zuten titulua, eta aurten zazpi bikotek hartuko dute parte, bi multzotan banatuta. A multzoan daude Martin eta Etxaniz, Garmendia eta Agirre, Aristorena eta Huizi eta Murillo eta Arrieta. B multzoan, berriz, Muneta eta Eizmendi, Agirrezabala eta Mendizabal eta Irazustabarrena eta Ruiz de Larramendi ari dira.
Txapelketa sistema buelta bakarreko ligaxkakoa da, eta multzo bakoitzeko lehenengo bi sailkatuak otsailaren 25erako iragarrita dauden finalerdietan sartuko dira. Final handia, ostera, martxoaren 4an jokatuko da, federazioak oraindik erabakitzeko daukan egoitza batean.